Murga sailburua jomugan jarri du oposizioen auziko deklarazio batek

Mediku batek azaldu du iruzurra iradoki ziola sailburuak orain hamabost urte. Jaurlaritzak balioa kendu dio, eta sendagilearen aurka jo

Nekane Murga Osasun sailburua, martxoan, kargua hartu zuenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Denek zekitela Osakidetzako oposizioetako iruzurraren berri, urteetako kontua dela salatu dute azken lan eskaintzako iruzurra haizatu duten hiru anestesistek. Hori bera deklaratu zuen Izaskun Obieta kardiologoak Osakidetzak izendatutako ikertzaileen aurrean: kontu jakina zela, «vox populi». Eta, adibide gisa, pasadizo bat kontatu zuen, azterketak egin zituenekoa: Nekane Murgarekin topo egin zuela jardunaldi batean —kardiologoa da hura ere—, azterketa egin berritan. «Hitzaldia bukatzean, ezagutzen nuenez, hitz egitera joan nintzaion. Eta zera esan zidan: 'Azterketa ez edukitzeko, oso ondo egin duzu'». Kardiologoa zen orduan Murga, baina gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Lekukotasuna «eskandalagarritzat» jo du oposizioak; Jaurlaritzak garrantzia kendu dio, eta testigantza eman duen sendagilearen kontra jo du.

Obietaren lekukotasuna epaitegian zabaldutako sumarioaren zati da, eta grabazioa Eldiario.es agerkariak zabaldu du. Epailearen aurrean izan da oraintsu kardiologo hori, baina grabazioa lehenagokoa da, iazko ekainekoa; Osakidetzak barne ikerketa bat hasi zuen iruzur salaketen harira, eta testigantza hartan aipatu zuen Murgarekin izandako pasadizoa. Sailburu martxoan izendatu zuten Murga, baina Obietak deklarazio hori egin zuenean bazeukan ardura postu bat Osakidetzan: Planifikazio, Ordenazio eta Osasun Ebaluazioko zuzendaria zen.

Obieta kardiologoak deklarazioan dio iruzurraren beste zantzu bat dela Murgaren komentario hura. «Halakoak entzunda, nire begiek ikusi dutena ikusita...». Gogoan izatekoa da sendagile hori Kardiologiako epaimahaiko kide izan zela azken proban, eta iruzur susmoak agertu zituela.

Fiskalak iruzur zantzuak sumatu zituen espezialitateetako bat da Kardiologia. Emaitza arraroak sumatu zituen: lehen proban, ez, denek lortu zuten gainditzea, antzeko emaitzekin; baina bigarrenean batzuek oso kalifikazio ona zuten, eta beste batzuek, oso txarra. Horri erantsi behar zaio epaimahaiko bi kidek agertutako susmoa: horietako batek, Angel Lomak, prestatu zuen lehen proba, arazorik eduki ez zuena, eta bigarrena egin aurretik filtrazio susmoa erakutsi zuen. Berdin egin zuen Obieta medikuak ere. Biek berretsi zituzten susmo horiek fiskalaren aurrera joatean. Hala ere, inor zehazki akusatzeko zantzurik ez zuen ikusi fiskaltzak.

Oposizioa, kontu eske

Deklarazio batean Murgaren izena horrela atera izana «eskandalagarritzat» jo dute oposizioko alderdiek. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek iragarri dute argibideak eskatuko dizkiotela sailburuari etzi, legebiltzarreko kontrol saioan. Bi taldeek uste dute iruzurraren auzia argitzeko «sinesgarritasuna» galdu duela Murgak.

Jaurlaritzak erantzun du apartekorik ez dagoela testigantza horretan: egia balitz ere Murgak hori esan zuela, «garrantzirik» ez lukeela eta orain hamabost urtekoa litzatekeela. Areago, deklaratu zuen sendagilearen aurka jo du Josu Erkoreka bozeramaileak, Obietak berak postua nola lortu zuen airean jarrita: «Osakidetzara sartu zen batek, hori vox populi bazen eta mundu guztiak bazekien, agian azaldu beharko luke nola sartu zen. Beharbada, lehen eskuko informazioa edukiko du».

Gaur-gaurkoz hiru sendagile daude ikerketapean oposizioetako filtrazioen harira: Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana. Osakidetzako hiru arduradunen egoera argitzeko dauka epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.