EHIGEk eta Steilasek inpugnatu egin dute planifikazio dekretua

Sare publikoko eragileen irudiko, legezkotasuna urratzen duten elementuak ditu. Diotenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak ez du «arau oinarririk»

Lurdes Imaz eta Nagore Iturrioz, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hezkuntzan urak harrotuta daude oraindik ere. Atzo goizean, Steilas sindikatuko kide Nagore Iturriozek eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaile Lurdes Imazek agerraldia egin zuten Bilbon. Bertan jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 28ko 30/2023 dekretua —martxoaren 14tik publikoa da—, hezkuntza planifikatzen duena, inpugnatu dutela. Izan ere, sare publikoko bi eragileen irudiko, dekretu horretako hiru elementuk legezkotasuna urratzen dute, eta, gainera, ohartarazi dute Hezkuntza Lege Proiektuan ere jasota daudela.

Bat: Steilasen eta EHIGEren esanetan, leku publikoen bermea, LOMLOE Espainiako Hezkuntza Legean ere jasota dagoena, «erabat lausotuta» geratu da dekretuan nahiz lege proiektuan. Izan ere, azaldu dute LOMLOEk dioela «leku publiko nahikoa» bermatu behar direla, baina dekretuak funts publikoekin mantendutako lekuak aipatzen ditu. Gurasoen elkartea eta sindikatua ez daude konforme: «Hori ez da gauza bera». Gainera, haien irudiko, LOMLOEk dio administrazioak titulartasun publikoko ikastetxeen sarean gero eta eskola leku gehiago egotea sustatuko duela; alabaina, dekretuan eta lege proiektuan ez dago aipamenik. «Non islatzen da eskola publikoaren esentzialtasuna?».

Bi: adierazi dutenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak «ez du arau oinarririk»: «Kontzeptu hori eraikuntza juridikoa da, eta lege babesik gabe titulartasun publikoa eta pribatua berdindu nahi ditu». Nabarmendu dutenez, ez da euren uste huts bat, txosten juridiko batek ere horixe berretsi baitu. Haien esanetan, hauxe dio dokumentuak, besteak beste: «Maila berean zentro mota bat eta bestea barne hartzen dituen zerbitzu bat ez da inoiz publikoa, eta ezin da inoiz izan, zerbitzu hori osatzen duten ikastetxeen zati bat ez baita publikoa».

Eta hiru: diotenez, «murriztu» egin dute hezkuntza komunitatearen parte hartzea eskola maparen diseinuan, «dekretu berriak kendu egin baititu eskola maparen jarraipena egiteko lurralde batzordeak». Iruditzen zaie Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «atzerapauso demokratiko horren zergatia» azaldu behar lukeela, araudi horren arabera hezkuntza eragileek ezingo dutelako aktiboki parte hartu hezkuntza eskaintzaren «prestaketan, kontrolean eta jarraipenean».

Legearen aurka

Horiek horrela, uste dute ezinbestekoa dela «planifikazio dekretua babestu nahi duen» [Hezkuntza] Lege Proiektua geldiaraztea. Arrazoi bat eman dute: «Ez du euskal eskola publikoaren etorkizuna zaintzen, titulartasun pribatuko eskolen etorkizuna bermatzea baitu helburu».

EHIGEk eta Steilasek aurretik ere egin izan dute Hezkuntza Legearen aurka. Lege proiektua ezagutarazi zutenean, esate baterako, Steilasek esan zuen gobernuaren eta hura «babestu duten alderdien espiritu pribatizatzaileari» erantzuten ziola. Ildo bertsutik jo izan du EHIGEk. Aurreproiektuaz, adibidez, «balorazio negatiboa» egin zuen, besteak beste, haien irudiko, ez duelako jasotzen sare publikoa izan behar dela hezkuntza sistemaren ardatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.