Ernalketa lagundua zabaltzea onartu du Frantziako Asanbleak

Bikotekiderik gabeko emazteek e ta sexu bereko bikotekidea dutenek ere baliatu ahalko dute

Orain arte, antzutasun arazoak zituzten bikote heterosexualek soilik zuten ernalketa lagundurako aukera. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lehen etapa gainditua da. Ernalketa lagundua erabiltzeko aukera emazte guziek izatea onartu zuen atzo Frantziako Asanbleak, bioetikari buruzko lege proiektuari buruz egiten ari diren eztabaidaren barruan. Lehen lau artikuluak ernalketa lagunduari dagozkio, eta, hiru eguneko eztabaidaren ondotik, horietako lehena onartu zuten diputatuek. Hurrengo egunetan, gameto ematearen eta kontserbazioaren baldintzak finkatuko dituzte, eta ernalketa lagunduaren bidez sortutako haurren eskubideez eta gurasotasunaren aitortzaz eztabaidatuko dute. Frantziako Asanblean onartu ondotik, Senatura eramango dute lege proiektua, azken irakurketa batentzat berriz asanbleara itzuli aitzin.

LGBTI mugimenduaren eta mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena da emazte guziei onartzea ernalketa lagundua erabiltzeko eskubidea. Orain arte, antzutasun arazoak zituzten bikote heterosexualek soilik zuten ernalketa lagundurako aukera Frantziako osasun sisteman. Gainerako emazteek ahal bezala egiten zuten: lagun edo ezagun bati laguntza eskatuta, ezezagun bati Interneten gametoak erosita, atzerriko klinika pribatu batera joanez... Bakoitzaren ahal ekonomikoek ere eragina zuten.

Emmanuel Macron gobernuan denetik egiten duen lehen erreforma sozialtzat jo du hau batek baino gehiagok. Eztabaida sutsuak izan dira legeari buruz, eta Annie Genevard alderdi errepublikanoko kideak hitz egin du legearen kontra, adibidez. «Zibilizazioan aldaketa bat egitea posible al da gure zibilizazioa amaitu gabe?», esan du, adibidez; eta «aiten rola» desagertzeko arriskuaz ohartarazi du.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea iazko udazkenean engaiatu zen 2019 bukaerarako ernalketa lagundua emazte guziei zabaltzera. LGBTI elkarteek eta mugimendu feministak lege berezitu bat nahi zuten, baina bioetikari buruzko lege proiektuan sartu dute azkenean. Uztailaren 24an aurkeztu zuten Frantziako Kontseiluan. Lehen lau artikuluetan aipatzen dute emazte guziei zabaltzea medikuntza bidezko haur sortzearen eskubidea; gameto ematearen eta kontserbazioaren baldintzak finkatzen ditu, eta helburutzat hartzen du medikuntza bidez sortutako haur guztien eskubideen aitortza. Emazteek osatutako bikoteen kasuan, medikuntza bidez sortutako haurren gurasotasuna onartzeko era irekitzen du.

Transexualak, kanpoan

Les Bascos eta Planning Familial elkarteek prentsaurrekoa eman zuten hilabete hasieran, eta lege proiektuaren zenbait puntuk sortzen zizkieten kezkak aipatu zituzten. Orain arte emandako gametoak deuseztatzearen kontra agertu ziren, «galtze» handia litzatekeela ebatzita. Emaileak galdekatzea proposatu zuten, haien nahia zein den jakiteko, eta emaileak ugaritzeko sustapen kanpainak egitera deitu zuten.

Bi elkarteen hitzetan, legea ez da «osoa». Haurrak ernaltzeko aukera atxiki duten gizon transexualen kasua «erabat baztertuta» geratu dela salatu zuten. Ernalketa aparatua duten guziek aukera bera izatea nahi dute. Bestalde, heriotzaren ondorengo ernalketa lagundua ere ez du aipatzen lege proiektuak. «Emaile bat hiltzen bada, haren gametoak erabil daitezke; bikote batean gameto emailea hiltzen bada, emazteak ez ditu gameto horiek erabiltzen ahal». Bi eskaerak baztertu zituen atzo Frantziako Asanbleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.