EAko primarioei buruzko auzia martxoan epaituko dute

Martxoaren 24an eta 25ean egingo dute epaiketa. Ildo kritikokoek lehen saioan deklaratuko dute, eta ofizialekoek, bigarrenean

Eba Blancoren agerraldia, urrian, idazkari nagusi izendatu berritan. J.RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunaren hauteskunde primarioei buruzko epaiketa martxoaren 24an eta 25ean egingo dute, Gasteizko epaitegietan. Primarioei buruz dituzten desadostasunak tarteko, alderdiko sektore kritikoak auzitara jo zuen azaroan, salatuz alderdiko zuzendaritzak ez ziola sarbiderik eman afiliatuen erroldara, eta, beraz, kritikatuz desabantaila zuela hauteskunde primarioetan. Epaiketan, beraz, ildo kritikoari barne hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea urratu ote zitzaion ebatziko dute. Erroldaren sarbideari buruzkoaz harago, EAko idazkari nagusiaren izendapenaz ere erabakiko du. Izan ere, Eba Blanco ildo ofizialeko hautagaia jarduneko idazkari nagusia da azarotik: hain justu ere, ildo kritikoak salaketa jarri eta epaileak haren izendapena behin-behinean eten zuenetik.

Primarioen prozesu liskartsuaren ondotik, bi ildoen arteko ika-mikak gaiztotu egin ziren udazkenean, eta, ordutik, auzia epaitegietan dago. Joan den asteazkenean, Gasteizko Auzitegian auzi saio berria izan zuten bi aldeek, baina ez ziren ados jarri, eta epaileak epaiketarako data ezarri zuen. Lekukoen zerrenda ere onartu zuten: lehen saioan, sektore kritikoaren lekukoek deklaratuko dute, eta bigarrenean, alderdiaren zuzendaritzak aukeratutakoak. Zortzina lekukok deklaratuko dute bi egunetan. Besteak beste,Joseba Gezuraga Hauteskundeen Antolakuntzarako Batzordeko arduradun eta jarduneko idazkari nagusi ohiak, EAren zuzendaritzako hainbat kidek, Bilboko eta Zarauzko (Gipuzkoa) hainbat afiliatuk eta Bermeen Batzordeko bi ordezkarik deklaratuko dute.

«Lau afiliatu»

Hauteskunde primarioen prozesua salatzeko, alderdiko lau kidek jo zuten auzitara: Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaileak eta Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak. Haien abokatuak asteazkeneko auzi saioan salatu zuen bere defendatuek «zapalketa demokratikoa eta estatutarioa» pairatu dutela, eta dokumentazioa aurkeztu zuen erakusteko erroldako datuetarako sarbidea izan zutela EAko zuzendaritzako kideak ez zirenek, eta Eba Blancok ez zuela barne araudia bete. Abokatuaren ustez, Blancok bere ildokoak Eusko Legebiltzarreko zerrendetan «inposatzeko» nahia erakutsi du, eta horrek ez dio onurarik egiten alderdiari.

Ohar batean, EAko zuzendaritzak azaldu du «lau afiliatuk» jo dutela auzitara. «EAko zuzendaritzak afiliatuen eskubideak bermatu eta alderdiko organo ezberdinek hartutako erabakiak defendatuko ditu, beraien buruja- betza eta printzipio demokratikoak zainduz». Era berean, zuzendaritzak nabarmendu du prozesu osoan barne eztabaidaren aldeko apustua egin duela, hori delako arazoak konpontzeko bidea. EAko zuzendaritzaren arabera, «lau afiliatuek» primarioen beste prozesu bat martxan jartzeko egindako eskaerak ezin du aurrera egin, epaitegiak eta EAko barne organoek «kontrakoa» ebatzi dutelako.

Oharrean nabarmendu dute, halaber, araudiak eta legea betetzen jarraituko dutela, zuzendaritzaren helburua baita «afiliazioaren eskubideak eta balio demokratikoak» defendatzea eta auzia ahalik eta azkarren amaitzea. Zuzendaritzak ziurtatu du epaiketa eguna iritsi arte EAk politika egiten jarraituko duela. Aurten, gainera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka egonda, azpimarratu dute alderdiak «bere hoberena» emango duela deialdi horretarako «programa eta pertsona egokiak» aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.