Gerra Ukrainan

NATOko idazkari nagusiak esan du Turkiaren kezkak aztertuko dituela

Stoltenberg ziur da arazoari konponbidea emango diotela. Ukrainak adierazi du ez duela nahi su etenik, Errusia erretiratzea baizik

Niinisto Finlandiako presidentea, Biden AEBetakoa eta Andersson Suediako lehen ministroa, atzo. OLIVER CONTRERAS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergentzat «ez da ezohikoa» aliantzako 30 kideek «iritzi desberdinak» edukitzea, Suedia eta Finlandia erakundean sartzeko lehen urratsean Turkiak jarritako oztopoari aipamen eginez. «Eskarmentu handia dugu aliantzan, eta, iritzi ezberdinak ditugunean, eseri eta konponbidea aurkitu behar dugu». Hain zuzen, Stoltenberg Ankararekin, Helsinkirekin eta Stockholmekin «harremanetan» jarri da. «Turkiak azaldu dituen kezkei heltzen ari gatzaizkie». NATOko idazkari nagusiak Kopenhagen egin zituen atzo adierazpenok, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenekin egindako agerraldi batean.

Suediak eta Finlandiak aliantzara atxikitzeko eskaria igorri zuten herenegun, eta aliantzako 30ek aho batez onartu behar zuten eskaera atxikimendu prozesua abian jartzeko, baina ez ziren ados jarri; Turkia eskariak onartzearen aurka azaldu baitzen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideak babestea egozten die Helsinkiri eta batez ere Stockholmi. Atzo ere bi estatuen kontrako jarrera irmoa duela baieztatu zuen, txio bidez: «Gure politikarekin irmo jarraituko dugu. Aliatuei jakinarazi diegu ezetz esango diogula Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiteari». Halere, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak atzo Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariari esan zion Ankara prest dagoela gainerako aliatuekin auziaz eztabaidatzeko.

Erdogani erantzunez, Finlandiako presidente Sauli Niinistok atzo ziurtatu zuenez, Finlandia NATOn sartzen bada herrialdeak «konpromisoa» hartuko du Turkiaren segurtasuna bermatzeko. «Terrorismoa serio hartzen dugu, terrorismoa bere forma guztietan gaitzesten dugu, eta horri aurre egiteko konpromiso aktiboa hartzen dugu», esan zuen, Suediako lehen ministro Magdalena Andersson eta AEBetako presidente Joe Biden ezker-eskuin zituela, Etxe Zurian. Niinistok nabarmendu zuen Ankararekin elkarrizketa «irekia eta eraikitzailea» izaten ari dela. Bide beretik mintzatu zen Andersson. Adierazi zuen NATOko kide diren herrialdeekin hitz egiten ari direla; besteak beste, Turkiarekin, «arazoari konponbidea emateko».

Bi agintarien aurretik, AEBetako presidentea mintzatu zen, eta azpimarratu zuen Suediak eta Finlandiak «erakunde demokratiko sendoak, armada indartsuak, eta ekonomia indartsu eta gardenak» dituztela. «NATOn sartzeko baldintza guztiak betetzen dituzte. Finlandiak eta Suediak are indartsuagoa egingo dute erakundea», zehaztu zuen.

Base militar iraunkorrik ez

Suediaren gisan, Finlandiak ere ez du nahi NATOren base militar iraunkorrik herrialdean, aliantza militarrean sartzen bada. Hala ziurtatu zuen atzo Finlandiako lehen ministro Sanna Marinek, Mario Draghi Italiako haren homologoarekin Erroman batzartu aurretik. Eta, ondoren, Draghik berak su etena eskatu zien Errusiari eta Ukrainari, negoziazioei aukera bat emateko.

Bada, Errusiako Atzerri ministrorde Andrei Rudenkoren esanetan, Mosku prest dago negoziazioei berrekiteko; Ukrainako negoziatzaile buru Mikhailo Podoliakek, ostera, elkarrizketari atea itxi zion atzo, esanez Kievek ez duela nahi su etenik, Errusiako tropak herrialdetik «erabat erretiratzea» baizik. «Ukrainak ez du inolako interesik beste Minskeko Akordio bat negoziatzeko. Armak, zigorrak eta dirua dira gure negoziaziorako erremintak».

Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, atzo jakinarazi zuenez, Ukrainako Mariupol hiriko Azovstal altzairutegian gotortuta zeuden Ukrainako soldadu eta Azov batailoi paramilitarreko—eskuin muturreko talde armatu bat— kide gehiagok «amore eman» zuten azken 24 orduetan. Guztira 771 izan ziren, ia gehienak Azoveko kideak, Moskuk «kriminal nazitzat» jotzen dituenak. Horietatik 80 «larri» zeuden zaurituta. Astelehenaz geroztik, 1.730 militar «errenditu» dira, «altzairutegian zeuden soldaduen erdiak baino gehiago», Kremlinen arabera. «Operazioa martxan dago oraindik», ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.