EAEko industriak hazteari utzi dio urteko bigarren hiruhilekoan

Hazkunde erritmoa bi hamarren moteldu da urteko bigarren hiruhilekoan, %2,9ra arte

Iker Aranburu.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Urteko bigarren hiruhilekoaren motelaldiaren arduradunei izen-abizenak jarri dizkie Eustatek: zerbitzuak eta, batez ere, industria. Lehenengoek hazkunde erritmoa moteldu egin zuten urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera, baina okerragoa izan da industriarena, hazteari utzi baitio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Uztailaren amaieran aurreratutako datua osatu eta zuzendu zuen atzo Eustatek. Orduan esan zuen urte arteko tasan %2,8 hazi zela hiru lurraldeetako BPG barne produktu gordina, eta, orain, %2,9ra igo du datu hori. Edonola ere, baieztatuta geratu da moteltzea: %3,1 hazten ari zen urteko lehen hiruhilekoan.

Hiruhileko arteko tasan, berriz, %0,8tik %0,6ra apaldu da hazkundea. Tasarik txikiena da 2016ko azken hiruhilekotik.

Hurrengo hilabeteotako datuetan moteltze hori gehiago ikusiko dela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzak, eta urte osorako %2,8ko hazkundea iragarri du. «Hazkunde apalagoa dator, argi eta garbi», onartu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak.

Hazkunde motelagoa industriaren geldialdiari zor zaio, hein handi batean. Izan ere, denboraldi luze batez sendo hazten aritu ondoren, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera ez da hazi eskulangintza-industria, eta %0,1 soilik energia sektorearen ekarpena kontuan hartuta. Urte arteko tasan, %3,7tik %3,1era jaitsi da hazkundea, bai industria eraldatzailean bai industria sektore osoan.

Baina motelaldia sektore nagusira ere iritsi da, zerbitzuetara. Hiruhileko batetik bestera, %0,4 baizik ez dira hazi, merkataritza, ostalaritza eta garraioaren geldialdiaren eraginez. Datu hori ikusi da barne kontsumoan ere: hiru hamarren txikitu da kontsumo partikularra (%2,6) eta sei hamarren, berriz, kontsumo publikoa (%2).

Eustatek nabarmendu duenez, eraikuntzaren sektorea izan da dinamikoena: %2 hazi da hiruhileko arteko tasan, eta %4,1, berriz, urte artekoan. Krisian gehien erori den sektorea da eraikuntzarena —bere ekarpena %40 txikitu zen—, eta hura izan da krisitik ateratzen azkena, iaz arte ez baitzuen hazkunde sendorik izan. Oraindik ere krisi aurreko mailatik oso urrun dago: 2007an 6.140 milioi euroko balio erantsi gordina izan zuen, eta 3.900 milioira iritsi zen iaz.

Lurraldeei dagokienez, Araban hazi da gehien BPGa azken urtean (%3), eta, ondoren, Gipuzkoan (%2,9) eta Bizkaian (%2,8).

OCDEren aurreikuspenak

Moteltzea orokorra da Euskal Herriko inguruko lurraldeetan ere. Duela astebete, Europako Banku Zentralak hamarren bat jaitsi zuen aurtengorako hazkunde aurreikuspena eurogunean—%2,1etik %2ra—, baina lasaitasunerako mezua zabaldu zuen: atzeraldiak oinarri sendoak dituenez, ez du atzeraldirik espero hurrengo urteetan.

Eurogunean ez ezik, mundu osoan ikusten den joera da hazkunde apalarena. OCDEk gaur bertan iragarri du %3,7 haziko dela munduko BPGa aurten, aurretik uste zuena baino hamarren bat gutxiago. Hurrengo urterako ere %3,7 espero du —bi hamarren gutxiago—. Aurreikuspen okerragoen arrazoien artean, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra aipatu du OCDEk, baina baita dolar indartsuagoa Turkian eta Argentinan eragiten ari den krisia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.