300dik gora migratzaile heldu dira Balearretara hiru egunean

Urte hasieratik, 152 pertsona hil dira Afrika iparraldetik Espainiara eta Herrialde Katalanetara iristeko ahaleginetan

Joan den ostegunean Lanzarotera heldutako migratzaile talde bat. JAVIER FUENTES / EFE.
Erredakzioa
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Orotara, 352 migratzaile zeramatzaten 29 ontzi iritsi dira Balearretara larunbataz geroztik. Herrialde Katalanetara ez ezik, Espainiara ere hainbat patera heldu dira asteburuaz geroztik. Murtziara 118 pertsona heldu dira, hamar txalupatan, tartean 11 adingabe. Guztiak dira aljeriar jatorrikoak, eta, iturri ofizialen arabera, osasunez ondo iritsi dira Espainiako kostaldera.

Guztiek ez dute izan zorte bera. Erreskate taldeak lanean ari dira oraindik, joan den ostegunean hondoratutako ontzian zihoazen iheslarien bila. Barbaten izan zen ezbeharra, Cadizko kostaldetik gertu. 28 lagun zihoazen ontzian, eta horietatik hamarren gorpuak aurkitu dituzte, azken biak atzo bertan.

Ostegunekoa ez da izan, hala ere, azken egunetako ezbehar bakarra. Kanaria Handira ere hainbat ontzi iritsi dira azken astean. Horietako batean, 45 pertsona zihoazen. Gurutze Gorriak zabaldu duenez, astebete zeramaten itsasoan noraezean. Ontzia 45 lagunekin irten zen, baina soilik 44 iritsi dira bizirik, tartean hainbat adingabe. Almeriatik gertu, berriz, desagertutako hamabi lagunen bila ari dira oraindik salbamendu taldeak.

Itsasoz ez ezik, Espainiaren menpeko Ceuta eta Melilla hiri autonomoak eta Maroko banatzen dituzten hesia zeharkatuz ere sartzen dira migratzaileak Europako Batasunaren kontrolpeko lurretara. Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, Ceutara %284 migratzaile gehiago iritsi dira aurtengo urtarrila eta urria bitartean.

Heriotzei dagokienez, 152 pertsona hil dira itsasoan. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkartearen arabera, 1998tik 10.000 pertsona inguru hil dira itsasoan, eta iazkoa izan zen urterik okerrena, 1.717 hildakorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.