Monteroren aurkako sorgin ehiza

Espainiako Berdintasun ministroaren aurkako «indarkeria politikoa» salatu du Unidas Podemosek, eta neurriak hartzeko eskatu du

Irene Montero, asteazkenean, Espainiako Kongresuan. ZIPI / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Zuk duzun meritu bakarra da Pablo Iglesias sakonki aztertu izana»: hitz horiekin zuzendu zitzaion Voxeko diputatu Carla Toscano Espainiako Berdintasun ministro Irene Monterori, Espainiako Kongresuko osoko bilkuran, herenegun. Podemoseko kideak askotariko isekak entzun ditu ministro denetik —baita aurrez ere—, baina azken asteetan nabarmen areagotu dira, zenbait epailek Soilik baietz da baietz legeaz egindako interpretazioak direla medio. Monteroren kontrako «indarkeria politikoa» salatu du Podemosek, eta eskuin muturraren jarrera matxisten aurkako erantzun bateratu bat eskatu: «Gorroto mediatiko eta politikoaren aurrean, eskubide gehiago».

«Ezgauza», «inozoa», «ergela», «heldugabea», «-ren bikotekidea»... Eskuineko eta eskuin muturreko politikari, kazetari eta iritzi emaileek Monteroren aurka erabilitako hitzetako batzuk dira. Halakoak, gainera, ugaritu egin dira orain. Espainian sexu askatasunaren kontrako delituak epaitzeko indarrean den legeak eragindako harrabotsa baliatu du eskuinak Espainiako Gobernuaren aurka egiteko, eta Montero jarri dute kritiken eta deskalifikazioen jomugan. Horiek gorantz egin dute epaitegiek zigorrak murrizteko ebazpenak onartu ahala, Toscanok «asko ukitzear egon diren muga bat» gainditu duen arte, ministroaren hitzetan.

Monteroren esanetan, borroka feminista «balaztatzeko» helburua dute azken asteetako erasoek, eta «indarkeria politiko» horren inguruan hausnartzeko deia egin du, Toscanoren hitzak testuinguruan jarriz. «Egun askotan muga bat ukitzear bazaude, errazagoa da indarkeria politikoa hedatzeko estrategia duen norbaitek bere burua nahikoa legitimitaterekin ikustea muga gainditu eta zigorgabe geratzeko», azaldu du Ser irrati katean.

Ikusi gehiago:Bira. Onintza Enbeita: Indarkeria

Toscanoren hitzek zur eta lur utzi zituzten diputatu ugari, eta haren hitzartzea etenaraziz erantzun zuten. «Begirune parlamentarioaren degradazioaren hondoraino iritsi gara», adierazi du EAJko eledun Aitor Estebanek, eta gogorarazi halakoak ez direla salbuespena Voxeko kideen artean. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, «lotsagarritzat» jo du Monterok pairatutakoa: «Izugarria iruditu zait azken asteetan jasan duen jazarpena».

Jazarpen hori bestela definitu du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek: «Eskuinaren eta eskuin muturraren hooliganismo politikoa». Yolanda Diaz presidenteordeak, berriz, neurriak aztertzea iradoki dio Kongresuari, halako jarrerak zigortu beharrekoak diren zehazteko. Bide horretatik, UP Unidas Podemosek idatzi bat aurkeztu du, eta zenbait alderdik adierazi dute aztertuko dutela. ERCk, berriz, Kongresuko Mahaiari eskatu dio «bere burua baliarazteko»; PPri, berriz, isilik ez geratzeko, gero «Moncloara faxismoarekin iristen saiatzeko».

Are gehiago, UPko eledun Pablo Echeniqueren ustez, Voxen jarrera horiek ez lirateke posible izango PPren «kolaboraziorik» gabe. Izan ere, Alderdi Popularrak sarri jo du Monteroren aurka, nahiz eta oraingoan Cuca Gamarra idazkari nagusi eta Kongresuko eledunak adierazi duen inork ez duela eskubiderik ministroa «iraintzeko» eta «bere bizitza pertsonalean sartzeko».

Nazioartetik ere jaso du babesa Monterok. Txileko eta Argentinako presidenteek ministroaren aurkako «indarkeria politikoa» salatu dute, eta elkartasuna adierazi diote: «Ez zaude bakarrik». Jean-Luc Melenchon Frantziako LFIko buruzagia, berriz, harrituta agertu da «Espainiako eskuinaren indarkeriazko metodo politikoekin».

«Liskarra»

Toscano Voxen ordezkaria da Kongresuko Berdintasun Batzordean, eta sarri egin du Berdintasun Ministerioaren eta, oro har, mugimendu feministaren aurka. Besteak beste, argudiatu du biktimei ematen zaizkien laguntzak direla indarkeria matxistagatik egindako salaketen igoeraren arrazoia, eta haiek artatzen dituzten elkarteentzako diru laguntzen aurka agertu da.

Ez hark, ez alderdiak ez dute atzera egiteko imintziorik egin, eta Victor Sanchez de Real Voxeko diputatuak «moja ikastetxe bateko liskar» gisa kalifikatu ditu Monteroren aurkako hitzak. Gehitu du eurek ere isekak jasaten dituztela, Vox eurek abiatutako sorgin ehizaren biktima gisa aurkeztu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.