Curriculum digitala eta berrikuntza pedagogikoa: prozedurak berraztertu

Josean Bueno Saez de Albeniz, Jone Gibelalde Iribas eta Nagore Landa Longarte
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

EAEko Hezkuntza Sailak irakasleontzat ezarri duen Curriculum Digitala izeneko prestakuntza jardueraren inguruan kexak eta kezkak zabaldu dira ikastetxeetako langileon artean. Desadostasun ugari daude prozeduretan, edukietan eta antolaketan. Orain arazoa hor kokatzen bada ere, ez da kontu bakana; egoera honek azalarazten ditu gure administrazioaren aspaldiko ajeak, sakoneko ezinegonaren sustraiak ez baitira berriak. Horregatik Steilasen uste dugu beharrezkoa dela honetaz gogoeta egitea.

 

Hobekuntza pedagogikoa goitik beherako prozesu moduan agintzen da askotan. Horrela, berrikuntza zerbitzuek (berritzeguneak, Irale...) administrazioaren prozedurak eta irizpideak bideratzeko tresna huts bihurtzen dira. Irakasle eta eskola asko ari dira beren berrikuntza prozesu interesgarrietan, baina elkarren arteko kolaborazioari eta esperientzia truke aberasgarriari administrazioak ez die, irakaskuntza publikoaren eta aguntza-zerbitzuen antolaketan, lehentasuna ematen.

Bestalde, etengabeko lege eta curriculum aldaketak eta berauen zehaztasun batzuetan gehiegizkoak, prozesu teknikoegiekin eta konplexuekin bideratzen dira, eta, sarri, benetako aldaketa pedagogikoaren ordez, burokrazia eta testu sorketa antzua ekartzen dute. Legeari, dekretuei, curriculumei eta abarrei egokitzeko behar formalak izan ohi du lehentasuna, ikasleekiko jardunaren eragin zuzenaren ordez. Lanordu asko zeregin alferrekoetan galtzen direlako iritzia dute irakasle askok.

Gainera, administrazioak ez du bere lana behar bezala eta epe egokietan burutzen. Curriculum zirriborroekin lan egitera behartu ditu ikastetxeak, behin betiko ofizialen zain. Horrez gain Curriculum Digitala egitasmoa, ikasturte osoko prestakuntza plana baldintzatzen duena, ikasturtea hasi eta hilabeteetara azaldu eta jarri da martxan, eskoletan 21-22 ikasturtetik aurreikusitako prestakuntza-planak hankaz gora jarrita. Administrazioaren inprobisazioa eta inposizioa maiz eskutik doaz.

Curriculum Digitala bezalako prestakuntza egitasmoetan, non geratzen dira eskola bakoitzak egin dituen urratsak, berauen ebaluazioa, proposamenak, prestakuntza beharrak...? Curriculum Digitalak irakasleon prestakuntza ordu guztiak (eta gehiago!) jaten dituenean, non geratzen da ikastetxearen beharrei buruzko eta egin beharreko urratsei buruzko gogoeta? Ikastetxe publikoen autonomia gabezia berriro nabarmen geratu da ikasturte honetan. Errespetu gutxi adierazi zaie eskoletako egitasmo berezkoei eta bere ikastetxea hobetzeko ahaleginean diharduten profesional askoren eguneroko lanari eta esfortzuari, eskoletan gauza asko bertan behera geratu direnean Curriculum Digitala prestakuntza ezartzeko. Hau bereziki larria da ikastetxe publiko asko errealitate oso konplexuei erantzuteko ahaleginean ari direnean, baldintza korapilatsuetan, eta irakasleek prestakuntza orduetarako lehentasun premiazkoak dituztenean.

Gainera, harriduraz ikusten dugu eskolarako egitasmo batzuk enpresa pribatu edota finantza erakundeen eskaintza dela; izan ere, hezkuntzan, unibertsitatetik hasita, interes pribatuek gero eta parte-hartze handiagoa dutela argi dago. Horrez gain IKT alorrean gestiorako eta eskola lanerako egitasmo propioak sortzeko edota software librea erabiltzeko erabaki sendorik ez dago EAEn eta sektoreko enpresa erraldoiekin hitzarmenak egitea hobesten da. Hezkuntza negozio-gune gero eta interesgarriagoa da gizarteko sektore ekonomiko jakin batzuentzat, eta horretarako hezkuntza administrazioen kolaborazioa nahitaezkoa da. Hezkuntzaren merkantilizazioa arriskua ez ezik errealitate gero eta zabalagoa ere bada gaur egun.

Steilasek beti egin du apustu berrikuntza pedagogikoaren alde, eta horretan jarraituko dugu, gure gizartea aldatzeko nahiarekin batera baitoa eskola bera aldatzeko nahia. Irakasle eta hezkuntzako langile gehienok eguneroko jardunean hobekuntza bilatzen dugu, baina batzuetan administrazioaren erabakiak oztopo bihurtzen zaizkigu. Administrazioak eskolan burutzen diren berrikuntza-egitasmoak bultzatu, erraztu, orientatu, jarraitu, lagundu eta ebaluatu beharko lituzke. Eta bide horretan ikastetxeei entzun behar die, berrikuntzaren subjektu aktibo moduan jasota. Eta iritzi kritikoak ere entzun beharko lituzke, egitasmo baten aurrean aurkako adierazpen guztiei ezin baitzaie egotzi alferkeria edo geldotasuna, askotan berrikuntza pedagogikoan urteetako inplikazioa duten pertsonak eta taldeak baitira, hain justu, jarrera kritikoa erakusten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.