Albistea entzun

Justiziaren mailupean

Patxi Saez Beloki - Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

2022ko abenduak 2

Espainiako inperialismo linguistikoak, demokrazia izeneko azken berrogei urteotan, botere judizialaren bidez, euskara auzibidean jarri du etengabe, eta, erreinuaren errainuan dauden epaitegietako zurezko mailuak astinduz, gure hizkuntzaren aurrerabideari mailukada bat baino gehiago eman dizkio. Azken berrogei urteotan epaitegietatik, maiz, hegoak ebaki egin dizkiote txori izan nahi zuen euskarari.

Euskara jagoteko eta sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan (eta, zer esanik ez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan) egun ezarrita dugun legediaren paradigma aldaketa behar dugu, azken berrogei urteotan bezala justiziaren mailuak behin eta berriro jo ez gaitzan.

Euskal Herrian euskararen erabilera arautzeko onartu zen lehenengo legeak (10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak) berrogei urte bete berri ditu joan deneko azaroaren 24an. Eta, gogora dezagun —ez dezagun ahaztu— oraindik ere, XXI. mendean, euskarak ez duela legezko ofizialtasunik Euskal Herri osoan (ez du erabateko ofizialtasunik Nafarroako lurraldearen zatirik handienean —nafarren %90 bizi da bertan, 600.000 nafar— eta Ipar Euskal Herri osoan ere, ez dauka, eta ez du inoiz izan, inolako lege aitortzarik). Beraz, XXI. mende hasierako Euskal Herrian urruti gaude oraindik gure lurraldearen luze zabalean gure hizkuntzaren bete-beteko erabilera normalizatua ekarriko duen legedi bat izatetik.

Egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dugun Euskararen Legeak herritarren hizkuntza askatasuna eta hizkuntza eskubideak ditu ardatz eta oinarri. Baina epaileen jardunak azken berrogei urteotan hartu duen norabidearekin, herritarren hizkuntza askatasunean eta hizkuntza eskubideetan oinarritutako sistema hori bi ahoko ezpata bihurtu zaigu. Izan ere, euskarak ofizialtasun osoa duen lurralde bakarrean —EAEn— azken berrogei urteko aldian, epaitegietatik —hizkuntzen arteko ezinbesteko orekaren printzipio iruzurtia ezarriz— Espainiako epaileek zorrotzago eta grinatsuago zaindu dituzte gaztelaniadun elebakarren hizkuntza eskubideak, egoera berean ez dauden bi hizkuntzentzat tratamendu berbera eta simetrikoa ezarriz; inoiz, gainera, euskara ez jakitea —gaztelania derrigor jakin beharraren aldean— benetako eta egiazko elebitasunaren kalterako, pribilegio asimetriko ere bihurtuz.

Hizkuntza araubidearen parametroak berritzea ezinbestekoa dugu euskararen gizarte erabilera normalizatzeko. Euskararen erabilera naturala eta berezkoa duten arnasgune funtzionalak jagoten eta sustatzen ardaztu behar dugu lege-paradigma berria. Lege-ardatz berria euskararen berezko espazio funtzionaletan jarri beharra dago. Kulturaren ondare immaterialak ditugu euskararen arnasgune funtzionalak, eta hala izendatuak izan daitezen lortu beharra dugu bete-beteko lege babesa jaso dezaten. Horretan jarri behar dugu ahalegina. Ondare hori babesten, iraunarazten, hauspotzen eta zabaltzen asmatzea izan behar du XXI. mendeko euskalgintzaren norabide eta eginbide berria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.