Euskara enbor, eta artea adar

Gasteizko Oihanederrek 'Hiruerreketa. Euskararen arte-urak' erakusketa hirukoitza zabaldu du

Alfredo Hernandez Zirika artistaren obra bat. Egur birziklatuarekin egindako piezak sortu ditu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hiru erreka ibai batean bateratzen diren eran, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak ere hiru arte proposamen elkartu ditu erakusketa bakar batean. Hiruerreketa. Euskararen arte-urak erakusketak euskara oinarri eta tresna duten hiru hausnarketa artistiko biltzen baititu, euskararen, artearen eta euskarazko artearen hiru adar: Gorreri bisuala, Hitz birziklatuak eta Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia. Laboral Kutxaren laguntzarekin osatu dute erakusketa hirukoitza, eta otsailaren 28ra arte izango da ikusgai.

Bi galdera izan dituzte abiapuntu erakusketa hirukoitza osatzean: euskal artea euskaraz, zergatik ez? Zergatik ez euskararen inguruko euskal artea?. Izan ere, Iñaki Lazkano Oihanederreko kideak azaldu duenez, aspaldi zuten buruan artea eta euskara uztartuko zituen erakusketa bat egitea. «Gure buruari galdezka hasi ginen orduan: zeintzuk ari dira edo euskararekin jolasten eta artea egiten, edo euskararen inguruko hausnarketa egiten artearen bidez?». Eta bilatze horretan egin zuten topo, hain zuzen, Zaloa Ipiñarekin, Alfredo Hernandez Zirika-rekin eta Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia sortzaileek osatzen duten Bigara bikotearekin.

Lau artisten hiru proposamenek osatzen dute erakusketa. Arte garaikidearen barruan, euskaraz sortzearen inguruko gogoetak dira, askotariko diziplinak uztartzen dituztenak. «Erakusketa honek ikusarazi nahi du artearen munduan ere hizkuntza bera, gure kasuan euskara, lanerako materia bilakatzen dela: aldarrikatzeko, jolasteko eta zentzumenak pizteko», adierazi du Lazkanok. Aurrez beste erakustoki batean erakutsitako artelanak dira batzuk, baina badira erakusketarako propio egindako pieza berriak ere.

Aretoetan banatuta

Hainbat aretotan banatu dute erakusketa, eta proposamen bakoitza bereizita dago gainerakoengatik. Hernandezen lanak ikus daitezke lehenengo: salgaien garraiorako erabilitako paleten egurretatik sortutako lanak dira, oro har. Esanahiaz haraindiko beste ezaugarri batzuk hartzen dituzten letra birziklatuekin egindako obrak dira: Hitz birziklatuak, alegia.

Poesia bisuala egiten du artistak, eta hitzak ditu oinarri; istorioak kontatzen dituzten instalazio bilakatutako egurrezko hitzak: hausnarketarako gonbita egiten dutenak batzuk, aldarrikatzaile bihurtzen direnak beste batzuk, eta umorera ere hurbiltzen direnak beste zenbait. «Poema hauek gauza askori buruz hitz egiten dute: pandemiaz, naturaz, sufrimenduaz, gatazkaz, tristuraz edota umoreaz», adierazi du artistak. Erakusketarako propio egindako lanak dira.

Natura, artea eta euskara uztartu ohi ditu bere lanetan Hernandezek, eta, orain ere bide bera baliatu badu ere, euskarri berriak landu ditu azken urteetan: koadroetatik hasi, eta bideo sorkuntza lanetaraino. Hormara egin du jauzi oraingoan, halere.

Bigara sortzaile bikotearen Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia erakusketa ikus daiteke jarraian. Bestiario klasikoen eran, testu, hitz eta hizkien bilgunea da. Euskarazko palindromoak ditu oinarri; hau da, ezker-eskuin eta eskuin-ezker berdin irakurtzen diren hitzak, testuak eta irudiak. Hizkiekin jolasean hasi zirela egin zuten «aurkikuntza» Garciak eta Aranburuk, eta esperimentatzeari ekin zioten, harik eta animalien izenekin osatutako palindromoekin topo egin zuten arte. Bada, 101 animaliaren izenekin palindromoak sortu, bakoitza ilustratu, eta hiztegi moduko bat osatu zuten iaz Pamielak argitaratu zuen—, eta horrekin guztiarekin erakusketa bat ondu dute orain; haren segidatzat jo daiteke, beraz.

Animaliek eta hitzek hiztegiko orrialdeetatik Montehermosoko kulturguneko paretetara jauzi egingo balute bezala, liburuko eduki berbera ikus daiteke erakusketan ere, koadrotan antolatuta tarteka. Sortze prozesua erakusten duten piezak eta dokumentuak ere ikusgai jarri dituzte.

Ez da bikoteak ikusgai duen erakusketa bakarra: Donostiako Ernest Lluch kultur etxean ere izen bereko erakusketa zabalik dago martxoaren 13ra arte. Erakusketa hori Internet bidez ere ikus daiteke, konfinamendu perimetralaren ondorioz kultur etxera joan ezin dutenek ere ikusteko aukera izan dezaten. Beraien webgunearen bitartez ikus daiteke: bigara.info helbidean.

Ipiñaren Gorreri bisuala erakusketak, berriz, hizkuntza gutxituei buruzko hausnarketa bat du oinarri. Bi arlotan bana daitezke obrak: gaur egungo egoerari erreparatzen diotenak, batetik, eta iraganeko agertokiari eta legeei begiratzen diotenak, bestetik. Instalazioak dira denak, askotariko formatutan ondutakoak: argazkiak, eskulturak, audioak... «Hizkuntzalari eta ikerlari askoren liburuak irakurri ditut lan hauek sortzeko, eta nire hausnarketa metafora bisualen bidez islatzen saiatu naiz».

Proiektuari lotutako liburu bat ere ondu du artistak. Artelanen argazkiekin batera, Xose Henrique Costasen, Maria Pilar Benitezen, Jordi Suilsen, Haizea Barcenillaren eta Xabier Irujoren gogoetak uztartu ditu. Datorren ostegunean aurkeztuko dute, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.