Zaintza lanen demokratizaziorantz

Jone Arrazola Maiztegi, Miren Aranguren
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azkenaldian, asko ari gara zaintzaz hitz egiten, eta poztekoa da; izan ere, zaintza gure bizitzen oinarria da: bizitza mantentzeaz gain ongizatea eskaintzen digu, eta duintasunera gerturatzen gaitu. Gure lurralde eta gorputzek minduak izateko aukera dute, eta horrek ezinbestean zaintzea eskatzen digu. Baina susmoa dugu zaintzak era instrumentalean ari direla erabiltzen, merkatu hobi bilakatzeko, silver economy deritzoten hori sustatzeko, soilik jarduera ekonomikoa sustatzeko.

Zaintza krisi batean murgilduta gaude, pandemiak agerian utzi duen gisara; hots, handitzen ari da zaintzen merkantilizazioa, komunean ditugun ondasunak kapitalaren mesedetan ari dira jartzen, eta bizitza sostengatzeko ardura ikusezinak diren eremuen gain gelditu da: emakumeak, adineko emakumeak, migratutako emakumeak, txirotutako lurraldeak gara krisi hori sostengatzen ari garenak, beste behin. Jendarteko geroz eta geruza gehiagok ezin dituzte haien zaintza premiak ase: ezin dute elkar zaindu, ezin dute zainduak izan, ezin dituzte besteak zaindu.

Zaintza lanek gutxietsiak jarraitzen dute, erabat feminizatuak, haien antolaketa lege arrazistak zein familistak zeharkatuta, eta geroz eta merkantilizatuagoak. Gainera, zahartze tasak gora egiten jarraitzen du, eta horrekin batera dependentzia indizeak. Zaintzaile potentzial gutxiago gaude eta zerbitzu publikoak, politika neoliberalen ondorioz, irabazi-asmoaren logikan jarri dira eta estankatu dira. Zaintzaileen egoera diskriminazioak eta prekaritateak ezaugarritzen dute: lan karga handia dute, ez dute denborarik beste ezertarako, lan hitzarmenak agortuta daude, lan harremanak oso zailak dira eta lan horietarik eratortzen diren ondoezak ez dira ez aztertzen, ez aitortzen. Aipagarria deritzogu etxeko langileen egoerari, eta horien artean egoiliar gisa jarduten dutenenari. Izan ere, estatu espainolean milioi batetik gora daude etxeko lanean, eta irregulartasunaz gain, pobrezia atalasean bizi dira %32,5.

Ezin dugu horrela jarraitu, ezinbestean aldatu behar dugu zaintzeko dugun antolaketa eredua. Jakin, badakigu, zaintzaren ulermena aldatzeak dena aldatzeko aukerak eskaintzen dizkigula, baina guk orain txikitik hasi nahi dugu, Hernanitik. Zaintza lanak demokratizazio bidean jarri nahi ditugu, beste eredu baterantz bidea urratzen hasi; hots, zaintza eskubide kolektiboa izan dadin urrats txikiak egin nahi ditugu. Ez goaz dena aldatzera, gure inguru hurbilean ditugun egoera larriak eta bidegabeak hobetzera baizik. Zaintza burujabetza gure helburua izaki, aurre-urratsak egin nahi ditugu: zaintza lanen banaketa justuago, duin eta demokratiko bat egiteko prozesuak, azpiegiturak eta baliabideak unibertsalizatu nahi ditugu.

Horretarako, batetik, zaintza lanak eskaintzen dituzten langileen lan-baldintzak duinduko dituen zaintza eta akonpainamendu zerbitzu publiko berriak sortu eta eskainiko dira eta, bestetik, zaintzen demokratizazio orokorra bilatuko duen zaintza sistema eraikitzen joan nahi dugu.

2020ko maiatzean aurkeztu genuen Zaintza lanen demokratizaziorantz: Beterri-Buruntzaldeko zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena 2020 lana. Hernanin, hainbat egitasmo jarri ditugu martxan harrezkero, baina herritarron arteko eztabaidan sakondu nahi dugu, eta aztertu zein konpromiso gehiago har ditzakegun.

Horretarako antolatu ditugu gaurko eta biharko, apirilaren 1erako eta 2rako, jardunaldiak: elkarrekin hausnartzen jarraitzeko. Hernaniko egoera ezagutu, martxan ditugun egitasmoak mamitu, beste toki batzuetatik datozen esperientziekin aberastu nahi dugu egun hauetan. Aipatutako bidean beste urrats bat izango dira jardunaldiak, burujabetzaren bidean hausnartzeko une bat, lanean jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.