San Joan Gurutzekoa, osorik euskaraz

Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak XVI. mendeko poetaren 'Idazlan guztiak' itzuli ditu. Gontzal Mendibilek zenbait lan musikatu ditu

Euskaltzaindiako kideak eta instituzioetako ordezkariak, atzo, aurkezpena hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Literatur klasiko bat itzultzean, «topiko» bat entzun behar izaten dute sarri itzultzaileek, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainaren arabera: «Klasikoak hizkuntza originalean irakurri behar dira, eta ez itzulita». Beste hizkuntza batera eman beharrekoa San Joan Gurutzekoa poeta denean, aparteko adierazpen bat gehitzen zaio hasierako horri: «Esaten zen San Joan Gurutzekoa ez zela edonork irakurtzeko, eta, gainera, zati batzuk errepikakorrak direla, eta hobe dela idazlan osoak itzuli baino, antologia eder bat egitea».

Bi baieztapenei muzin egin, eta San Joan Gurutzekoa oso-osorik itzultzen hasi zen Baraiazarra duela lau urte; orain, XVI. mendeko poetaren Idazlan guztiak argitaratu ditu Euskaltzaindiak: «Obra osoa, bere errepikapenak, ilunguneak eta guzti», itzultzaileak zehaztu duenez. Gontzal Mendibilek biribildu du edizioa, piezetako hamahiru musikatu baititu; ahapaldietako bat aukeratu du diskoaren izenbururako, Neugan bizi gabe biziz, eta olerki beraren estrofa batzuk abestu zituen, orobat, atzo, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, liburuaren eta diskoaren aurkezpenean.

Baraiazarrari ez zaizkio ezezagunak ez XVI. mendeko idazleak, ezta mugarriak ere: Santa Teresa Jesusenaren obra osoa euskaratu zuen 2015ean, sortzailearen jaiotzaren bosgarren mendeurrena aitzakiatzat hartuta. Lan hari «osagarritasuna» ematen dio orain San Joan Gurutzekoaren obraren itzulpenak, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi zuenez. Liburu mardula da, baina lan osoa batzen duen «gakoa» azpimarratu du itzultzaileak: «Ekarpen nagusia barne munduaz egiten du, psikologiaz, Jainko maitasunaz —klabe horretan idazten baitu hark—; baina, azken batean, giza maitasunaz hitz egiten du, eta inork ez du horretaz idatzi San Joan Gurutzekoak bezain ondo, goxo eta dotore».

Itzulpen zehatza

Itzulpen ororen, eta, batik bat, aurkeztu berri duten itzulpenaren zailtasuna azpimarratu du Urrutiak: «Sorkuntza hizkuntzatik xede hizkuntzara doan bide malkarrean lagun jokatzerik ez dago, batez ere poesian». Lan guztien itzulpen berri-berria ondu du Baraiazarrak, baina gogoan izan ditu aurreko ahaleginak ere: San Joan Gurutzekoaren lan batzuk itzuli zituzten, besteak beste, Joseba Sarrionandiak, Gazteluk, Orixek eta Lino Akesolok, eta denen lana aitortu du itzultzaileak: «Euskalkian itzuli zuten, beren erara; meritu ikaragarrizkoa. Esaterako, Lino Akesolok ahalegin handia egin zuen neurrian sartzen sinalefa zuten hitzak [alegia, hitz baten azken bokala eta hurrengoaren lehena silaba berean ahoskatzea]».

Kontrara, Baraiazarrak euskara batuan eman ditu poemak, «euskara dotore eta gaurkotuan, jatorrizkoaren xehetasun txikiena ere mantenduta», euskaltzainburuaren hitzetan; haren iritziz, estandarrean eman izanak ere «mugarri» bilakatzen du lana: «Euskalkiak gutxietsi gabe, batua da euskal hizkuntza eta kultura hedatzeko behar dugun tresna». Itzultzaileak zehaztu duenez, San Joan Gurutzekoaren «metrika eta bertso lerroen konbinazio bera erabili» ditu.

Musikaren ekarpena

Euskaratutako lanaren zati bat musikatu egin du Gontzal Mendibilek. Hamahiru piezari jarri die doinua, zehazki, eta, adierazi duenez, Baraiazarraren itzulpenak «erraztu» egin dio lana: «Artisau lana izan da: metrika, errima... Ahapaldiek musika zuten barruan. Errazagoa izan da euskaraz musikatzea gaztelaniaz baino». Halaber, azpimarratu du musikari «onak» izan dituela alboan. Baraiazarrak aipatu zion Santa Teresa Jesusenaren lanak itzuli berri zituela, eta San Joan Gurutzekoaren obrarekin beste horrenbeste egiteko asmoa zuela, eta abeslariak adierazi zion «gogotsu» musikatuko lituzkeela horiek.

Musikak ahapaldiei egiten dien ekarpenaren artean, ulergarritasuna aipatu dute Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak. Sailburuak nabarmendu du musikariak «bidelagun» izan direla euskarazko lan ugari ezagutarazteko, eta, foru diputatuaren iritziz, Mendibilen lanari esker jendeak «hurbilago sentituko» du San Joan Gurutzekoaren poesia: «Askori errazago egingo zaie zenbait pasarte ezagutu eta gogoan izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.