Albistea entzun

Literaturia

Apoak pozoitu zituen hitzak

Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak 'Apoaren itzala' estreinatuko dute larunbatean
Joseba Tapia musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea, ikusikizunaren entsegu batean.
Joseba Tapia musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea, ikusikizunaren entsegu batean. LITERATURIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko irailak 23

Joseba Tapiak musika eta literatura batu zituen 1998an, Apoaren edertasuna diskoan (Gaztelupeko Hotsak). Trikitilariaren bakarkako lehen lana izan zen, eta hark utzitako arrastoa baliatu dute Gotzon Barandiaranek eta biek ikuskizun berri bat sortzeko: Apoaren itzala. Literaturian aurkeztuko dute, larunbatean, 22:00etan, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa). Diskoa abiapuntu hartuta, musikariak bakarka ondu duen ibilbidea errepasatuko dute, musika eta solasa uztartzen dituen emanaldi batean.

Koldo Izagirrerekin elkarlanean ondutako proiektua izan zen Apoaren edertasuna, idazlearen narrazio baten gainean osatu baitzituen diskoa eta ondorengo ikuskizuna, trikitiaren eta literaturaren arteko uztarketa berezia eginez. Barandiaranen hitzetan, hain zuzen, sortzaile askorengan eragin zuen disko bat izan zen. «Hitzen zaleak garenontzat, ipuin-disko hark izugarrizko eragina izan zuen. Askotan hitz egin dugu literaturaren eta musikaren inguruan aritzen garenon artean, eta bat gatoz disko hura dela idazle baten eta musikari baten arteko elkarreraginetik sortutako diskorik gogoangarrienetakoa».

Idazleak gogora ekarri duenez, mende berriaren atarian argitaratu zen diskoa. Ordurako euskal eszenan doinu berriak loratzen hasiak ziren, eta Tapiak berak, hain zuzen, Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailearekin batera hasieran eta bakarkako lanean gero, trikitia ohiko moldetik atera eta entzule berriengana eraman zuen. «Trikitia ordura arte oso baserri girora lotuta zegoen, eta gutako askorentzat, punk-rockean hasi ginenontzat eta gerora heavyan Su Ta Gar taldearekin eta estilo fusio izugarri horretan Negu Gorriak-ekin, izan zen konturatzea kontua ez zela soilik trikitia, baizik eta zer esaten duzun eta zer esan nahi duzun trikitiaren bitartez».

Baina musikak ez ezik, hitzek ere izan zuten zeresanik trantsizio horretan, eta Izagirreren testuek duten «indarra» nabarmendu du Barandiaranek. «Hitz haiek hain modu biluzian zetozen, batez ere trikitiarekin eta ahotsarekin, soiltasun horrekin... Sekulako indarra zuten, eta gaur egun oraindik ere badute. Gaurkotasunik galdu ez duen disko bat da. Izugarrizko eragina izan zuen askorengan: idazteko moduan, trikitiari erreparatzeko moduan...».

Oiartzundik Zarautzera

Literaturiako antolatzaileen enkarguz osatu dute ikuskizuna, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Kantagiltza solasaldi musikatuen zikloa hartu dute eredu horretarako, idazleak dinamizatzaile lanetan jardun baitu Gorka Urbizu, Olatz Salvador eta Niko Etxartekin batera. Musika eta solasa uztartu dituzte han ere, baina sormen prozesuari eta kantuen hitzei begiratu diete batez ere, musikariak hurbilago ezagutzeko asmoz. «Eredu hori erakargarria iruditu zitzaien Literaturiako antolatzaileei, eta proposatu zidaten jaialdian antzeko zerbait egitea».

Larunbateko literatur topaketarako, ordea, protagonista berri bat hautatzeaz gain, formatua apur bat moldatzea erabaki dute. «Oiartzungoa gehiago izan da biren arteko elkarrizketa bat, askotan inprobisatua ere bai, bat-batekoa; galderak momentuan sortzen ziren, jendeak ere galdetzen zuen... Baina Zarauzkoa izango da ikuskizun bat: idazle bat kanta batzuei buruzko testu berriak irakurtzen eta kantaria kantatzen».

Taula gainean ere, ikuskizunak «soiltasunari» eutsiko dio, idazleak azaldu duenez: «Hartuko dugu Apoaren edertasuna disko hura eta haren proposamen estetikoa erakutsiko dugu: Joseba trikitiarekin eta ahotsarekin, eta ni testuarekin, besterik ez da izango. Oso formatu soila da, baina espero dezagun indartsua izatea».

Edonola ere, emanaldia ez da diskora soilik mugatuko; Tapiaren bakarkako lan guztietatik aukeratutako kanta sorta batez osatu dute ikuskizuna, 1998tik gaur egunera artekoekin. «Apoaren edertasuna horretatik eta gaur egunera arte Joseba Tapiaren kantagintzak eta, bereziki, Koldo Izagirreren hitzekin egindako kanta horiek zer azkura sortu didaten, nola pozoitu nauten, apoaren pozoi hori zein izan den kontatuko dut».

Idazleak berak aukeratu ditu ikuskizuneko kantuak, eta horien inguruko gogoetak idatzi ditu gero orri paperetan. Testu horiek eta kantuek ardaztuko dute bi sortzaileen arteko solasa, bada. Publikoak ere izango du, halere, nola edo hala parte hartzeko aukera. «Uste dut Josebaren kantagintza ezagutzen dutenak hurbilduko direla; beraz, guk animatuko ditugu kanta dezaten; besteak beste, kantagintzaren eragina hori ere badelako, kantatzearen garrantzia azpimarratzea».

'APOAREN ITZALA'.
Noiz: Larunbatean, 22:00etan.
Non: Zarauzko Modelo aretoan. Sarrerak eskuragarri daude Interneten eta leihatilan, 7 euroan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»

Itziar Ugarte Irizar

Lacarrak dio maila batera heltzekotan hor gelditzeko moduko «pisua» hartuta heldu behar dela; bidea dela gauza, ez inorako presa. Hiru hamarkadatik gora daramatza dantzan, sari entzutetsuenak bizkarrean, eta Golden Producciones-ekin landu dituen lehen bi piezak emango ditu asteon Gasteizen eta Donostian.
Grizzly Bear taldean aritu da orain gutxira arte Daniel Rossen. ©BERRIA

Konplexutasuna erraietan

Mikel Lizarralde

Daniel Rossen musikari estatubatuarrak bere lehen lan luzea argitaratu du, EP batekin bakarka estreinatu eta hamar urtera: 'You Belong There', folketik eta popetik edaten duen bilduma dotore eta konplexua.

Haiti irratiaren ahotsa

Haiti irratiaren ahotsa

Andoni Tolosa

Diskoetxea: Anti 2022.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.