Murgiltze eredua Katalunian

Gorenak Kataluniako murgiltzea baliogabetu izanak kezka eragin du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esan du egungo eredua ez dagoela «zalantzan». Murgiltze ereduaren aldeko apustua berretsi dute euskalgintzako eta hezkuntzako hainbat eragilek

Umeak Bartzelonako ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza - Irati Urdalleta Lete
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Egunero ordubete pasatxo gazteleraz egin beharko dute Kataluniako ikastetxeetan. Hala agindu zuen behintzat Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun, murgiltze eredua kendu, eta ikastorduen %25 gutxienez gazteleraz ematera derrigortzen duen epaia kaleratu zuenean. Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambrayk indarrean dauden programak ez aldatzeko eskatu zien ikastetxeei.

Ikusi gehiago: Mireia Plana, Plataforma per la Llengua erakundeko zuzendariordea: «Kataluniako gizarte kohesioa jarri dute jomugan»

Gorenaren erabakiak, halere, errezeloak sortu ditu Euskal Herrian, eta erreakzio erreskada ekarri du. Euskalgintzan eta hezkuntzan aritzen diren erakundeek kezkaz hartu dute epaia, izan dezakeen eraginagatik; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, bestelako jarrera du: BERRIAri saileko iturriek adierazi diotenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eredua ez dago kolokan: «Inork ez du zalantzan jarri gure eredua, inork ez zuen inolako helegiterik jarri gure sistemaren kontra, eta guk modu berean jarraituko dugu, ez dugulako inolako elementurik ikusten aldatzeko». Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ez du jaso BERRIAk.

IKASTOLEN ELKARTEA

«Are eta premiazkoagoa da lege berriak murgiltze eredua jasotzea»

Ikastolen Elkarteak irmoki gaitzetsi du epaia: «Herri batek bere hizkuntza —hizkuntza gutxitua, gainera— biziberritzeko nahia aurrera eramateko bideari ezin zaio trabarik jarri, ez legeen bidez, ezta lege horiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeen bidez ere». Justu aurkakoa egin behar delakoan dago: «Hizkuntza gutxitua biziberritzeari kalte egiten dioten bideak dira moztu beharrekoak».

Ebazpenak «are eta premiazkoagoa» egiten du Eusko Legebiltzarrean ontzen ari diren hezkuntza legean «murgiltze eredua jasotzea eta hizkuntza ereduak indargabetzea», Ikastolen Elkartearen irudiko: «Hala egiten ez bada, Espainiako justizia auzitegien eta helegiteak jartzen dituzten Espainiako alderdi politikoen eta gure hizkuntzari erasoka dabiltzan bestelako eragile batzuen esku egongo gara berriro, Katalunian bezala».

HEIZE

«Euskara integraziorako giltzarri bihurtu zaigu»

«Arduraz» hartu du erabakia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako zuzendariak bitzen dituen Heize elkarteak. Iñigo Salaberria lehendakariak esan du ikusteko dagoela oraindik zein eragin izango duen eta nola eragingo duen. «Halere, legez hezkuntza dinamiketan eragite hori estrategia gisa agian ez da egokiena», haren arabera.

Nabarmendu du eskola publikoetako familiek D eredua —euskara hutsez ematen dituzte irakasgai guztiak, gaztelania izan ezik— hautatu dutela nagusiki. Salaberriak emandako datuen arabera, %90 inguru dira. Eta hala erantsi du: «Hizkuntza ez da gatazka gai bat; euskara integraziorako giltzarri bihurtu zaigu». Halere, egun legea ez dela betetzen azaldu du, ikasle orok ez duelako bermatua euskaraz legeak markatzen duen ezagutza maila izatea: «Eta ez bereziki D ereduarengatik; A eta B ereduek ere bermatu beharko lukete maila edo konpetentzia linguistiko hori».

EHIGE

«Hizkuntza ereduen sistema gainditu behar da»

EHIGE ikasleen gurasoen elkarteak ez du begi onez ikusten erabakia, ikastetxeen autonomia urratzen duelakoan. «Ezin dira kanpotik inposatu ikasleen beharrei erantzuten ez dieten ordutegiak eta denborak», azaldu du Lurdes Imaz koordinatzaileak.

Imazek gogorarazi du gazteleraren ezagutza bermatuta dagoela, eta euskara dela indartu beharrekoa. Horrenbestez, murgiltze ereduaren aldeko apustua egin du: «Ikasle guztien eskubideak bermatzen ez dituzten hizkuntza ereduen sistema gainditu behar da, eta egoera bakoitzera egokituko den murgiltze eredu bat ezarri, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza planean gauzatuko dena».

HE GURASOAK

«Katalunian gainditua zegoen eztabaida bat berpiztu dute atzera ere»

Iruñeko Haur Eskoletako Gurasoen elkarteak uste du erabakia «oso larria» dela. «Murgiltze ereduak ezinbestekoak dira, ez soilik haurren ikasketa prozesuan, baita hizkuntza gutxiagotuen erabilerari eta presentziari dagokionez ere», azaldu du elkarteko kide den Ainhoa Jauregik. Gaztelania «auzitegien bidez» inposatzea txarretsi du, eta kritikatu du «Katalunian gainditua zegoen eztabaida bat atzera ere berpiztea». Jauregik uste du erabakiak eragina izanen duela Euskal Herrian: «Egoera ezberdina da Euskal Herrian eta Katalunian, baina sumatzen dugu oldarraldi bat murgiltze ereduen aurka: euskarazko eredua ere auzitan jartzen dute, ingelesa eta gaztelania sartzera behartuz».

EUSKALGINTZARENKONTSEILUA

«Inertzia politikoak bultzatutako estrategia bat da»

Euskalgintzaren Kontseiluak botere judizialaren jarrera salatu du: «Kataluniako eskoletako murgiltze ereduaren aurkako erasoarekin, botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat egin du Gorenak».Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak uste du erabakia «oso larria» dela, eta salatu du epaileek aspalditik zutela jomugan «Kataluniako eredu orokortu inklusiboa». «Ez dago zalantzarik inertzia politikoak bultzatutako estrategia bat dela». 

ADMINISTRAZIOANEUSKARAZ  

«Espainiako botere judizialak epai bidez egin nahi ditu legeak»

Administrazioan Euskaraz taldeak gogor kritikatu du epaia, eta uste du «botere banaketarik ezaren» adierazle dela: «Botere judizialaren egitekoak izan behar luke legea betearaztea, ez besterik, baina Espainiako justiziak botere legegilearen rola hartzen du, epai bidez legislatuta», azaldu du Joseba Otano bozeramaileak. Haren esanetan, auzia egiturazkoa da. «Egungo egoera diktaduraren segida da esparru askotan, baina, orain, epaileak arduratzen dira doktrina horri eusteaz eta hizkuntza eskubideak zapaltzeaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.