Nekane Balluerka. EHUko errektorea

«Graduondoetan zabaldu daiteke bidea UEUrekin; graduetan ez dut ikusten»

EHUk bidea hasi du UEU zentro atxiki gisa onartzeko, irakasle izateko masterra eman dezan. Errektoreak aitortu du EHUn errezelo batzuk sortu direla akordio horri buruz.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Nota bat eskatuta, 7 jarri du. Karguan bi urte betetzear da Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, eta pozik dago orain arteko lanarekin. Lau ildo aipatu ditu: titulazio bikoitzak, eskaintza duala, zeharkako gaitasunak eta nazioartekotzea. Falta den agintaldi erdian aurrerapausoa emateko asmoa du: 8,5 batekin utzi nahi du errektoretza.

Euskara plan berria onartu zenuten opor aurrean. Lehentasuna da derrigorrezko ikasgaiak euskalduntzea. Zein da arazoa oraindik egoera hori izateko?

Zailtasun nagusiak osasun arloan daude, batez ere Medikuntzan. Gure estrategia da norbait jubilatzean postu elebiduna ateratzea, nahiz eta erretiratu dena elebakarra izan. Horrek beste erritmo bat du. Bestalde, zenbait ingeniaritzatan oso ikasle gutxi ditugu; euskalduntzea oso zaila da zortzi ikaslerekin. Bestela, %97ra heldu gara ia. Kontuan izan %100era ezin garela iritsi; zeren, adibidez, Ingeles Filologia ezin da euskaldundu.

Ondorioztatu behar da, beraz, Medikuntzako gradua euskalduntzerako urteak joango direla.

Bai. Urrats handiak egingo ditugu, jende gazte gehiago dagoelako, baina urteak falta dira. Horrekin batera, beharrezkoa da elebidunek irakasle izan nahi izatea.

Eta zergatik ez dute nahi?

Batzuetan, ez da erraza elebakarrak aurkitzea ere. Irakasleek oso gutxi kobratzen dute, eta oso bokaziozkoa da: bi guardiatan irabazten dute guk ordaintzen dieguna. Gainera, lan erritmo gogorrak dituzte mediku modura.

Baldintza horiek alda daitezke?

Ez dugu soldata hobetzeko tarterik; ez dugu guk erabakitzen. 500 medikutik gora ditugu, hala ere. Urrats handia egin dugu Galdakaoko erietxea unibertsitate ospitale bihurtuta: zentro euskalduna da, eta pauso handia izango da.

LAB kexu da euskara planarekin: ez dela prozesu «gardena» izan.

Gardena izan da. Errektoreordeak bilera asko egin ditu. Gauza bat da gardena ez izatea, eta beste bat, korapilatsua izatea. Korapilatsua, bai, izan da: atzera, aurrera...

Zergatik korapilatsua?

Ez da erraza akordioa egitea. Sentsibilitate asko daude: batzuek haraino joan nahi dute, eta besteek ez dituzte hain urrats handiak egin nahi. Euskara errektoreordeak ez du erraza izan. Ezezkorik gabe onartu da plana: 32 aldeko eta zazpi abstentzio. Babesa duela esan nahi du.

Medikuntzan, aldaketa bat egingo duzue: ikasle euskaldunentzat gorde lekuen %40. Segurtasun juridiko osoa du?

Bai.

Ez zara epaileen beldur.

Ez. Gero auskalo zer gerta daitekeen. Erabat legezkoa da urratsa: beste zenbait unibertsitatetan egiten da. Madrilgo Konplutentsean, adibidez, ingeniaritza informatikoko titulazio bat dute ingelesez, eta, sarbide notaz gain, ingeleseko B2 eskatzen dute. Berdin egingo dugu: sarbide proba, eta euskarako B2.

Beste gradu batzuetara ere eraman daiteke formula hori?

Ez dugu horretan pentsatu. Medikuntzaren berezitasuna da aurretiazko 2.500 izen emate izaten ditugula, eta kudeaketa oso zaila da. Matrikula baldintzatu asko daude. Kudeaketa erraztuko aldaketak, baliabideak hobeto erabili ahalko ditugu, eta bermatuko du Osakidetzak behar duen mediku euskaldunen portzentaje bat.

Medikuntzako fakultate berria egingo duzue azkenean Bilbon. Erabakia behingoz hartzeko izan du zerikusia Deustuko Unibertsitateak ere medikuntza fakultatea egin nahi duela Bilbon?

Buru-belarri aritu gara horretan, Deustuk zer egin behar zuen jakin aurretik. Bakoitzak jakingo du zein den bere proiektua. Gu lehen egunetik egon gara harremanetan proiektua bideratzeko, eta ez dira gauza errazak: proiektu osoa nahi genuen, ez eraikin bat.

Odontologiakoak ez daude pozik. Leioan geratu beharko dute.

Medikuntza fakultatea mugitzearen arrazoi nagusia da medikuek, erizainek eta fisioterapeutek ospitale batean egon behar dutela: praktikak egiteko hori da egokiena. Odontologian, ez: gure odontologia klinika Leioan dago. Aldaketa honek aukera emango digu klinikaren azalera handitzeko.

Deustuko Unibertsitatearen fakultateak ekar dezake arazo bat mediku egoiliar izateko postuekin? Alegia, gehiago titulatzea, baina egoiliar lekurik ez izatea.

Bizkaiko Mediku Elkargoak egin du txosten bat: igotzen bada gradua egiteko postu kopurua, egoiliarrena ere igo beharko da. Guk,behintzat, ikuspegi hori izan dugu beti: leku gehiago jarri ditugu, egoiliarrenak igo diren eran. Oso garrantzitsua da hori bermatzea.

Diru aldetik nola dago EHU?

Beti eskatzen dugu gehiago. Baina aitortu nahi dut Jaurlaritzaren ahalegina, batez ere medikuntza fakultatean. Unibertsitate planean espero dugu igoera: soldatak igo behar dira, eta espero dugu eraikinak berritzeko finantzaketa.

Garai txarrenak joan dira, beraz.

Baietz espero dut. Zeren oso gaizki pasatu dugu.

Eta orain ez zaudete hain gaizki?

Oraindik ez gara krisitik atera, eta ez ditugu jaso planeko funtsak. Esandakoa jasoz gero, pixkanaka errekuperatu ahal izango gara.

Ikerketa plan berria ere egin duzue. Urteotako mozketek arriskuan jar dezakete belaunaldi ordezkapena? Gazte prestatu askok ezin izan dute lekurik egin...

Ikerketak murrizketa handia jasan du, baina batez ere Espainiatik. Espero dut hori ere berreskuratzea. Belaunaldi aldaketa arriskuan jarri da agian. Ahalegin berezia egingo dugu ikerketan; uste dut irtenbidea emango diogula.

Belaunaldi ordezkapena iristen ari da EHUra? Lan deialdi handiko urteak dira administrazioan.

Birjartze tasarekin arazo larriak izan ditugu: %10eko tasa ere izan dugu. Duela bi urtetik, erretiratzen diren guztien postuak ateratzen ditugu. Irakasleetan desmotibazio handia zegoen: jendeak etxeko lanak egiten zituen, akreditatzen zen, baina bere postua ez zen ateratzen. 40 urte, eta egonkortu gabe. Nahi genuke birjartze tasa ez egotea; aurrekontuek ematen badute eta Jaurlaritzak baimentzen badu, langile tasa berreskuratzea. Arazo nagusia administrazio eta zerbitzuetan dugu.

Titulazio bikoitzak eta graduondokoak indartzen ari dira. Irits daiteke egoera bat non gradu arrunt bat izatea ez den aski?

Ez nituzke nahastuko gradu bikoitzak eta graduondoak. Gradu bikoitzak dira esparru osagarrietan graduondo bat egin nahi ez duenari eman diezaiokezun irtenbidea. Normalean oso ikasle onak erakartzen dituzte. Ez dut uste gradu bikoitzak askoz gehiago zabaldu behar direnik. Gradu eta graduondo formula oso egokia da formazio osoa lortzeko. Kontua da graduondoek ez dutela izan Europako arrakasta: hemen, %12-15 joaten dira gradutik graduondora; Europan, %20tik gora.

Zergatik gertatzen da hori?

Egiturak izan du eragina. Europan 3+2 formula hobetsi da: hiru urteko gradua eta biko graduondoa. Hemen 4+1 dugu. Lau urte eginda, ikasleek pentsatzen dute aski dela; Europan, hiru urterekin, ikusten da bi urtekoak ematen dizula benetako formazioa. Pentsatzen dut krisitik irtetean gradu batekin ikasle askok topatuko dutela lana; ez dakit graduondoa erakargarri izango zaien. Beti ematen dute balio erantsia.

Bolognako prozesuak ika-mika handia sortu zuen. Urteak joanda, zer ekarri duela uste duzu?

Aukera galdu genuen Europarekin homogeneizatzeko; egitura, adibidez. Bolognak hausnarketa ekarri zuen irakaskuntza prozesuaz. Zentzuz egin den lekuan onura ekarri du. Beste kontzeptu garrantzitsu bat gaitasunena da: lehen, edukiez hitz egiten genuen, eta orain, gaitasunez. Esaten ziren gauzak —unibertsitatea enpresei salduko zietela eta halakoak— ez dira hala izan. Eta ez dira izango.

Hezkuntza legeari buruzko eztabaida iritsi da legebiltzarrera; baina unibertsitatekoa, ez. Zure eskariek ez dute erantzunik izan.

Nahiko atzeratuta gabiltza, bai. Dena dela, gu lanean ari gara. Ez dugu gaia tiraderan gorde: barne lanean ari gara, proposamenak lantzen, eta, joan aurretik, Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko gara, aldaketak proposatu eta legea aztertzeko. Estatuan ere ari gara legea eskatzen: egonkortasuna eta autonomia behar dugu.

UEUrekin akordioa egingo duzue, zentro atxikia izan dadin eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra eman dezan.

Gure unibertsitatearekin harreman handia dauka UEUk, eta elkarlanerako tradizioa du. Graduondo batzuk haiekin ematen ditugu. Guretzat, proiektu oso interesgarria da: master horretan, ikasle asko uzten ditugu kanpoan, eta beste unibertsitate pribatu batzuetara joaten dira, dirutza ordainduta. Behar bat dago, eta UEUrekin erantzun diezaiokegu.

UEUrekin zabal daiteke bidea beste ikasketa batzuetara ere?

Graduondoan, ikusten dut aukera.

Graduan, ez?

Graduan, ez dut ikusten.

Zergatik?

EHUk oso eskaintza zabala dauka, ia eremu guztietan eskaintzen ditu titulazioak.

Aurrez aurreko eskoletara joan ezin dutenentzat ere bai?

Badauzkate beste unibertsitate batzuk. Inoiz ez nuke errepikatuko EHUn aurrez aurre ematen den gradu bat EHUn online. Lan egingo nuke orain aurrez aurre ematen duenak online emateko.

Eta horretan ari zarete? Alegia, 30 urterekin lanean ari den pertsona batek ikas dezake gradu bat EHUn, eskoletara joan gabe?

Beti dago aukera hori: irakaskuntza jarraitua egin edo azken azterketara aurkeztu, betiere lanean ari bazara edo egoera berezi batean bazaude. Aukera hori badago.

UEU lehia gisa ikusten da EHUn?

Sumatu izan dut. Ez dut uste UEU mehatxua denik. Osagarria da.

Graduko ikasketak elkarrekin emateak hori areagotu dezake?

Bai. Errezeloak sor daitezke, eta oso arriskutsua izan liteke sor litekeen giroa.

Masterra emateko akordioak ere sortu du giro txarra?

Zenbait sektoretan, bai.

Berdintasun planaren barruan, genero indarkeriaren aurkako protokolo bat onartu duzue. Askotan jarri behar izan da abian?

Bai, jaso ditugu salaketak. Asmoa hori zen: emakumeek leihatila bat izatea. Gure esku dauden neurriak hartzen ditugu, eta laguntza ematen diegu. Kasu gehiago atera dira.

Auzitara eraman da kasurik?

Bai.

Iazko greba feministan emakume ikasle batzuei eraso zien irakasle gizon batek. Zigortu egin duzu. Andreek diote ez dela aski zigor. Gehiago egin zitekeen?

Nik ez dut aditzera eman zer zigor ezarri diodan, datuen babesagatik. Ezar daitekeen zigorrik handiena ezarri zaio. Errektorea ez da epailea, ezin du jarri epaile baten zigorra. Batzuek gehiago nahi dute; beste batzuentzat, gehiegizkoa da. Aditu batek egin du ikerketa. Ebazpena oso landua dago.

Martxoaren 8an zer egingo duzu?

Ordu batzuz greba, aurten bezala.

Lehen emakumea EHUko errektoretzan, eta inguruko bakarra. Auzitan jarria sentitu zara?

Ez, baina burutik pasatu izan zait: «Gizon bati hau egingo zioten?», «Gizon bati hau esango zioten?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.