Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Irakaslearena, lanbide arriskutsua

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Aldiro-aldiro irakasleren baten heriotzaren berri izaten dugu. Azken egunotan, Frantziako Conflans Sainte Honorinen hil berri duten Bigarren Hezkuntzako historiako irakasle Samuel Paty: Alaren izenean, lepoa moztu diote, iritzi askatasuna azaltzeko erabili zituen Mahomaren karikaturak erakusteagatik. Oraintsu ere, urriaren 13an, Ferrer i Guardiaren fusilamendutik 111 urte bete dira, hura ere, ezagutzaren kontrolaren kontrako aldarrikapenetan, hezkuntza arrazionalista eta laikoaren aldeko proposamenak eta pedagogia berritzaileak aldarrikatzeagatik hil zutena. Irailaren 26an, sei urte bete dira Mexikoko Igualan 43 maisugai bahitu eta, hil ondoren, erre eta desagerrarazi zituztela. Haiek ere narkotrafikoaren eta ustelkeriaren kontrako salaketan aritzeagatik garbitu zituzten. Orain 84 urte, 1936ko abuztuaren 10ean, Camino Oscoz maistra bortxatu eta erail zuten eta gorpua Urbasako amildegietatik bota zuten.

Aipatutako egoera bakoitzak erreakzioa sortu du, eta gizartea kexu agertu da; oraingoan Je suis prof kanpaina abiatu dute. Ferrer i Guardia fusilatu zuteneko hurrengo urtean, Espainiako Gorteetan haren errugabetasuna aldarrikatu zuten, ordurako hilik zegoen arren. Igualako maisugaien edo Caminoren gorpuak agertu ere ez dira egin. Guztiek dute amankomunean hezkuntzaren izaera politikoari erantzun ziotela, pertsona askeak eta zintzoak hezteko ahaleginak egin zituztela, eta mundu zein gizarte justuagoaren aldeko irakaskuntza egin zutela. Horrelako gertaerak, onartezinak izan arren, hezkuntzak eta alfabetatze unibertsalak ekarri dituen onurei emandako erantzuna dira, boteretsuek meneratu ezinekoari emandako erantzunak direlako gertatutakoak, ezin dutelako kontrako iritzirik jasan eta haien botere sistemak agerian uzterik onartu.

Egunotan, pandemiak eragindako halabeharrezko egokitze prozesuan murgilduta gaudela, eskolaren eta hezkuntzaren eredua kolokan jarri zaigu. Zein da helburua, ikasturterik ez galtzea —bestela, gure etorkizuneko gazteak ez dira ondo prestatuak izango sistema ekonomikoan langile fin eta trebeak izateko—, ala esperientziatik ikasita, eta curriculumeko ikasketekin batera, pertsona aske, kritiko eta kontzientziadunak heztea?

Krisi egoeretan da hausnarketa egiteko ordua, noren ezagutza lantzen dugun, nork kontrolatua, zertarako, zelango metodologiekin... Freirerekin sinetsi nahi dut gizakiak aparteko ahalmena duela ingurune historiko zehatzetan menerapen kultural, politiko eta ekonomikoari aurre egiteko, aske eta sortzaile izateko. Horretarako, ikasle eta gazteek euren etorkizuna eraiki dezaten, irakasleek Freireren «conscientizaçao»-a landu behar dute eskoletan, pertsona kritiko eta kontzientziadunak hezi behar dituzte, lehenik arazoak definituz, zerk eragiten dituen hausnartuz, eta azkenik, ekintza politikoa burutuz. Hala bedi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.