Ismael Manterola
BEGIZ

Torturen espazioak

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Non dago Mikel? dokumental gogorra ikusi ondoren gauza asko etorri zitzaizkidan burura, erantzunik gabeko galderak gehienak. Hala ere, dokumentalean zeuden irudien artean zerbaitek harritu ninduen, Mikel Zabalzarekin batera kontakizunaren protagonista den Ion Arretxek dokumentalean zehar eraikitzen duen tortura leku izan zen etxebizitzaren maketa.

Bertsio ofizialaren arabera, ez dago horrelako tokirik; torturak existitzen ez diren bezala, tortura lekuak ere ez. Baina ematen du Ion Arretxek berari gertatutakoa benetan gertatu zela guri (eta, seguru asko, bere buruari) frogatzeko eszenatokia behar duela filmean. Ez-lekuari forma eman behar diola dirudi, kontakizunari existentzia emateko. Horrek Londresko Goldsmiths unibertsitatean dagoen Forensic Architecture izeneko nazioarteko arkitekto elkarte baten asmoak gogorarazi zizkidan. Batez ere, Ekialde Hurbilean antolatu zituzten kartzela klandestinoetan atxilotuta egon ziren eta torturak jasan zituzten presoen salaketak nazioarteko epaitegietan frogatzeko, beharrezkoak izen ziren lekukotzetan oinarritutako arkitektura berreraikuntzak.

Gehienbat, soinuak eta presoen espazioaren perzepzioak hartzen dituzte horretarako oinarritzat Forensic Architecture elkartekoek, inork ikusi ez dituen espetxeak berreraikitzeko, gehienetan presoek begiak estalita izaten baitituzte. Horrela lortu dute salaketei egiazkotasuna ematea, gobernu askok ukatzen baitute beren lurraldeetan horrelako tokiak egon direnik. Gaur egungo teknologiak asko lagundu du biolentziaren zabalkundean (droneekin, batez ere), baina, hain zuzen, Forensic Architecturekoek hiru dimentsioko programa informatikoen bitartez lortzen dute itxuraz existitzen ez diren leku horiek eraikitzea.

Non dago Mikel? filmean, askoz ere teknologia apalago batekin ikusten dugu Ion Arretxe Intxaurrondoko pisuaren maketa egiten. Arte Ederretan ikasitako baliabideekin, kuter baten bidez kartoia mozten jarduten du filmean zehar, guztiak elkartu arte eta etxebizitza baten maketa osatu arte. Bertan, bainugelak garrantzia hartzen du, Arretxek bainuontzia marrazten eta koloreztatzen duelako, hain zuzen, bertan egin zizkioten tortura gogorrenak azpimarratzeko.

Espazioaren eraikuntzak, maketan bada ere, aukera eskaintzen die biktima hauei era ofizial batean ukatzen zaiena (ez zen egon tortura lekurik, ez zen torturarik izan) errealitatearen planora bideratzeko. Izena ez dakit baina izana ematen zaie, zoritxarrez, oraindik sarritan normaltzat hartzen ditugun praktika latz horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.