Bigarren gradua eman diote preso bati, egoera berriko lehena

Espainiako Espetxe Zaintzako epaileak kontuan hartu ditu Marta Igarrizen jarrera eta zigorraren antzinatasuna

enekoitz esnaola
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Oraingoz, kasu bakana da, eta ezin da aurrekaritzat hartu, baina bada garrantzitsua, egoera politiko berriko aurreneko kasua delako: Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren graduko erregimenera pasatu du Marta Igarriz euskal presoa —EPPK-ko kidea—. Iazko uztailean barne eztabaidaren ondorio txostena jakinarazi ostean hasi ziren kolektiboko kideak lehen gradutik irteteko helegiteak aurkezten, «kaleratze» prozesuko neurri gisa espetxe legediari jarraitu ahal izateko, baina haien abokatuek orain dela hilabete salatu zuten eskaerak «blokeatuta» daudela Espetxe Zaintzan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Igarrizen erabakiaren ondorioz, Sorturen presoen batzordeak uste du «espetxe arloko blokeo politika aldatzen hasi» dela. Joan den ostiralean jakinarazi zuen deliberoa Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, fiskaltzaren balorazio idatzi bat kontuan hartu ondotik.

ETAren laguntzailetzat jota, hamabost urte eta erdiko zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak Igarrizi, eta 2020ko irailean beteko du espetxe zigorra. Castroren autoan fiskaltzaren idatziak dakar kartzelan «jarrera normalizatua eta lasaia» daukala presoak, garbiketa lanak egiten dituela eta jardueretan parte hartzen duela. Halaber, aintzat hartu du zigorraren antzinatasuna.

Graduen inguruan, aurrenik espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordeak egiten du presoaren txostena, hiru hilean behin. Gradua ez bada aldatzen, orduan du presoak aukera Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Nagusian helegitea aurkezteko. Horrek ere ukatzen badu eskaera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean helegitea jartzeko aukera du presoak, eta, hor ere erantzuna ezezkoa bada, auzitegi bereko Zigor salako 1. aretora iristen dira eskaerak. Erantzun guztiak ezezkoak izan dira, Igarrizena salbu.

Erregimen itxia da lehen gradua, salbuespenekoa, eta espetxe legedia garatzea eragozten dio presoari. Lehen gradutik bigarrenera pasatzeko ez dute lege oztoporik euskal presoek, abokatuek ohartarazi dutenez. Kolektiboko %95 lehen graduan daude. Bigarrengoan, irteera baimenak lortzeko aukera egoten da: asteburuetan edo jaiegunetan. Erregimen horretan, EPPK-ko hamabost kide baino ez daude.

Lehenik: Zuera eta Villabona

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren ustez, gradu progresiorako ez da aski idatziz eskaera bat egitea, beharrezko ikusten baitu presoak «jarrera bat» ere agertzea. «Horrek esan nahi du espetxeko bizitzan integratu direla. Ez dira ari hori egiten», esan du Noticias taldeko elkarrizketa batean. Aldiz, EPPK-k eta hango kideen abokatuak esana dute lan horiek eskatzen edota lan horietan ari direla.

Lozak jakinarazi du presoak Zuerako kartzelara (Zaragoza, Espainia) eta Villabonakora (Asturias, Espainia) gerturatuko dituztela Zaballakora (Araba) eraman aurretik. «Langraiz bidearen oso antzeko prozesua egingo dugu». Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak jarri zuen martxan eredu hori, eta 27 preso atxiki ziren. Hirugarren gradura pasatu, eta baldintzapean aske geratuz joan ziren. Lauk segitzen dute kartzelan.

Lozak azaldu du presoei «autokritika» eskatuko dietela Euskal Herriratzeko. «Autokritika da osagai nagusia, eta hori ez da egiten egun batetik bestera». ETAren indarkeria kritikatu beharko lukete, gobernuaren ordezkariaren iritziz, eta Sortuk lagundu beharko lieke. Autokritikak «argia» izan beharko duela adierazi du Lozak, baina ez du uste «gutun eredu bat» ezarriko duenik estatuak. «Gauza orok behar du bere gogoeta, eta ez du balio gutun eredu batek, baizik eta bakoitzak bere erara adierazteak bere autokritika».

Gogoratu du salaketa ez dagoela jasoa Zigor Kodean. EPPK-k barne eztabaidaren ondorioetan iragarri zuen kolektiboko presoek marra gorritzat dituztela salaketa eta damua.

Foro Sozialak eragileekin "konfiantzak eraikitzen" jarraitu nahi du

Bizikleta martxan herritarrek izan duten parte hartzea goraipatu du Sarek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.