Koronabirusa

Jaurlaritzak auzitegiei eskatuko die ziurtagiria hedatzeko

Baimena eskatuko du otsailaren 13ra arte ziurtagiria eskatu ahal izateko. Hoteletan eta joko aretoetan ere eskatu nahi du

Herritar bat COVID ziurtagiria erakusten, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez - Irati Urdalleta Lete
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

Labi bildu bezperetan, zalantza nagusietako bat izan da ea zer gertatuko zen COVID ziurtagiriarekin. Eusko Jaurlaritzak argitu du zer bidetatik jo nahi duen: ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzea eskatuko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Gainera, orain arteko eremuetan ez ezik, beste establezimendu batzuetan ere dokumentua eskatzea nahi du: hain zuzen ere, hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan. Baimenik eman ezean, COVID ziurtagiria urtarrilaren 31ra arte egongo da indarrean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abenduaren 4tik dago indarrean COVID ziurtagiria. Hasieran, gaueko aisialdiko zenbait establezimendutan eta 50 leku baino gehiago dituzten jatetxeetan eskatu behar zuten. Abenduaren 15etik, ordea, eremu itxi gehienetan sartzeko aurkeztu behar da dokumentua: besteak beste, tabernetan, jatetxeetan, kiroldegietan, zinema aretoetan eta kultur jarduerak egiteko gainerako lekuetan.

Ikusi gehiago: Nafarroak murrizketei eutsi nahi die, «bide onetik segitzeko»

Gaur biltzekoa da Labi, 16:30ean, eta gainontzean ez da aldaketa handirik espero. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak behintzat COVID-19ari aurre egiteko egun indarrean dauden neurriei eustea gomendatu du. Azaldu duenez, Batzorde Zientifikoak ere gomendio bera egin du, eta horixe bera helaraziko dio Labiri gaur arratsaldean egingo duten bileran.

Urkulluk adierazi du pandemiaren bilakaera «positiboa» bada ere egoera epidemiologikoa «zaila» dela oraindik. Horrez gain, nabarmendu du egungo ebaluazio adierazleak abenduaren 28an zeudenak baino «okerragoak» direla —orduan bildu zen azken aldiz Labi—. Hori horrela, lehendakariak gomendatu du indarrean dauden neurriei eustea: «Batzorde zientifiko teknikoak, osasun agintariek, neurriak indarrean mantentzea gomendatzen digute. Zuhurtasunari eta zorroztasunari eustea gomendatzen digute. Horixe gomendatzen dut nik ere».

Pixkanaka hobetzen

Datuek erakusten dutenez, baretzen ari da COVID-19aren seigarren olatuko oldarraldia. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, herenegun egindako probetan beste 7.674 positibo atzeman zituzten, aurreko asteko egun berean baino 86 gutxiago. Halere, positiboen kopurua ez da adierazle erabat fidagarria pandemiaren bilakaeraren berri izateko, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak protokoloak aldatu eta proba gutxiago egitea erabaki baitzuten. Herenegun, esaterako, 19.271 proba egin zituzten, eta %40k positibo eman zuten. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko muga dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko.

Eta positibo eman duten horietako batzuek, sintomek okerrera egin, eta ospitaleetako arta ere jaso behar izaten dute. Hain zuzen ere, gaur egun 1.008 gaixo daude ospitaleratuta: daturik onena urtarrilaren 6tik. Kopurua jaisten ari da azken egunetan: duela bi aste baino %17 eri gutxiago daude, eta duela astebete baino %9 gutxiago. Hala ere, gaixotasunak gogor erasaten die gaixo batzuei, eta ZIUetara eraman behar izaten dituzte. Egun, 129 gaixo daude larri: daturik onena abenduaren 23tik. Kopuru hori ere hobetzen ari da pixkanaka: duela bi aste baino %25 gaixo gutxiago daude, eta duela astebete baino %17 gutxiago.

Ospitaleratze berrien joerak ere erakusten du birusaren bilakaera onbidean dela. Hain zuzen ere, urtarrilaren 16tik jaisten ari da ospitaleratu berrien batezbestekoa: egun hartan, batez beste 131 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero; orain, berriz, 109.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.