Mobilizazio sorta Nafarroan, «ez dezaten osasun publikoa pribatizatu»

Osasunbideko langileen baldintzak hobetu eta lehen arreta «birfundatu» nahi dute sindikatuek. Protestak eginen dituzte hilaren 15ean eta 18an, eta greba 23an

Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatuen agerraldia, atzo, Nafarroako ospitalean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Aldarrikapenei eutsiko diete, «benetako» urratsak ikusi arte. Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatuek, LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk, mobilizazio sorta iragarri dute datozen asteetarako, «Nafarroako osasun sistema publikoak okerrera egin duela» eta «Osasun Departamentuak langileen eskariak aintzat hartu ez dituela» argudiatuta. Nafarroako Osasun Plataforma ere batu da protestara, eta sindikatuokin batera aterako da kalera, osasungintza publikoaren alde: martxoaren 15ean elkarretaratzeak eginen dituzte osasun etxe eta ospitale guztien aurrean; hilaren 18an, berriz, manifestazioa eginen dute Iruñean, 17:30ean, Golem zinema aretoetatik abiatuta; eta aurretik iragarria zegoen bezala, martxoaren 23an grebara deitu dituzte Osasunbideko langileak.

Mobilizazio sortaren aurkezpenean, «kezka» adierazi zuten gehiengo sindikalak eta plataformak, sistema publikoa pixkanaka «desegiten» eta «pribatizatzen» ari dela sinetsita. Uste dute horrek eragina duela bai herritarrek jasotzen duten artan bai langileen lan baldintzen okertzean. «Narriadura hori ez zen atzo hasi; oinarria du 2008ko krisiaren murrizketa politiketan», azaldu zuen Begoña Ruizek, intersindikaleko bozeramaileak, atzo. «Gerora ere, pandemia aprobetxa zitekeen sistemaren ahuleziei aurre egiteko, baina Osasun Departamentuak aitzakiatzat erabili du, bere estrategia pribatizatzailean sakontzeko».

Hain zuzen, «lankidetza publiko-pribatua sustatzea» egotzi diete Nafarroako Gobernuko arduradunei: «Negozio pribatuaren aldeko apustua besterik ez da, baina diru publikoarekin finantzatua». Horren adibidetzat jo dute, besteak beste, proba diagnostikoak sare publikotik kanpoko zentro pribatuetan egiten direla askotan, itunen bidez. «Urtero handitu egiten dute zentro pribatuetarako deribazio asistentzialen eta proba diagnostikoak kanpoan egiteko itunen aurrekontua».

«Pribatizazio prozesu» hori gelditzeaz gainera, osasun sistema publikoaren baliabideak handitzea eta langileen baldintzak hobetzea galdegin dute sindikatuek eta Nafarroako Osasun Plataformak. Lehen arretan jarri dute azpimarra. Sarea «birfundatu» beharra dagoela uste dute, «behar adina baliabide eta finantzaketa nahikoa emanez, laguntza profil profesional berriak gehituz, laguntza jarduera guztiak garatu ahal izateko».

Soldata igoera ere eskatu dute LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, «lantalde osoaren erosahalmena berreskuratzeko eta hobetzeko», eta baita lanpostuen egonkortzea ere: «Behin-behineko kontratuak %8 baino gutxiago izan beharko lirateke, baina %50tik gora daude».

Bilera, datorren astean

Mobilizazio sortaren aurkezpenean, Osasunbideko intersindikalak azaldu zuen Nafarroako Gobernuaren proposamen bat jaso berri dutela, eta «kontraproposamen bat» prestatzen ari direla, heldu den astean egitekoak diren bileran aurkezteko. Hilaren 7an batzartuko dira Osasun Departamentua eta sindikatuak.

Ikusteke dago bilera horretara Osasun Departamentuko zuzendari Carlos Artundo azalduko den ala ez. Sindikatuek esana dute negoziazio mahaitik at nahi dutela Artundo, uste baitute orain arteko negoziazioak «era ilunean kudeatu dituela» eta Sindikatu Medikoa lehenetsi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.