Albistea entzun

Jaurlaritzak bi urtez eutsiko die kartzeletako langileen baldintzei

Ostiral honetan espetxeen eskumena jaso aurretik, Jaurlaritzak kartzeletako langileen baldintzak zehazteko akordioa lortu du ACAIP-UGT sindikatuarekin, baina gehiengo sindikala konbentzitu gabe
ELAren protesta, atzo, mahai sektorialaren bilera bitartean.
ELAren protesta, atzo, mahai sektorialaren bilera bitartean. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko irailak 28

Ostiralean gauzatuko den eskumen aldaketaren atarian, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako langileen lan baldintzak zehazteko akordio bat sinatu du ACAIP-UGT sindikatuarekin: funtsean, langileen orain arteko baldintzei eutsiko die datozen bi urteetan. Sektoreko gehiengo sindikala adostasun horretatik kanpo geratu da, ordea, negoziazio mahaian eserita zeuden ELA eta CCOO sindikatuek ez baitute onartu Jaurlaritzak eginiko proposamena .

Jaurlaritzak azaldu duenez, ACAIP-UGT sindikatuarekin lorturiko akordioak aukera emango du 2023aren amaierara bitarte «negoziatzen jarraitzeko eta espetxeetako lanpostuak zehazteko», eta, era berean, «marko juridiko egonkor eta argi» bat eskainiko dio urriaren 1ean gauzatuko den espetxe eskumenen transferentziari. Halaber, sindikatuak adierazi du sinaturiko dokumentua ez dela negoziazioaren amaiera, «lan baldintzak ezartzeko hasiera baizik».

Hala, datozen bi urteetan espetxeetako langileen lanaldiak, ordutegiak eta baimenei dagozkien baldintzak berdinak izango direla iragarri du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak. Soldatei dagokienez ere, oro har berdin segituko dutela jakinarazi du, eta «beharrezkoa den kasuetan» erkidegoko administrazio publikoaren gutxiengoko baldintzetara egokituko direla, eta horrek zenbait langileri soldata igoera bat ekarriko diela. Gainera, administrazio berriarekiko parekatze horrek langileen antzinatasunaren arloan ere «zenbait aldaketa positibo» eragingo dituela nabarmendu du Jaurlaritzak, besteak beste.

Adosturiko baldintzek, ordea, ez dute lortu gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuen onespena, eta ELAk eta CCOOk adierazi dute sektoreko ia 700 langileen baldintzak hobetuko dituen beste akordio bat lortzeko lanetan jarraitu nahi dutela.

«Estatuko ereduari jarraika»

Mahai sektorialaren bilera egiten ari ziren bitartean, ELAk protesta egin zuen atzo Lakuan, Jaurlaritzak ACAIP-UGTrekin itxitako akordioa gaitzetsi eta «euskal espetxe sistema propioa» aldarrikatzeko. Sindikatuaren arabera, sinaturiko dokumentuarekin, Jaurlaritzak «behin eta berriz aldarrikatu duen eredu aldaketa hipotekatzen du», eta azpimarratu du aurkezturiko dokumentuak ez duela administrazio sektorialaren ordezkaritzaren %15 ere lortu. Horiek horrela, akordioa «gutxiengoan» eta «printzipio demokratikoak eta langile publikoek legitimoki hautatutako gehiengoak errespetatu gabe» sinatu izana leporatu dio ELAk Jaurlaritzari.

Akordioaren edukiei dagokienez, «estatuko ereduari» bide ematen diotela adierazi du sindikatuak, eta eredu propio baten alde egiteko neurriak albo batera utzi direla nabarmendu du. Besteak beste, ELAk salatu du sinaturiko dokumentuan ez dela planteatu «jada eskasak diren lantaldeak» handitzeko lan eskaintza publikorik, pribatizazioari «atea are gehiago irekitzen» zaiola, ez direla kontuan hartu langileen kolektiboak egindako eskaerak, eta ez dela euskalduntze eta berdintasun planen hasiera txertatu.

Halaber, sindikatuak gaineratu du espetxe sistema propio baten alde «borrokan» jarraituko duela, «iraganeko hipotekarik gabekoa» izan eta «askatasunik gabeko pertsonen gizarteratzea» bilatuko duena, eta helburu hori soilik «kolektiboaren eskaerak kontuan hartuz» lortu ahalko dela ohartarazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sexu eraso baten kontrako protesta, uztailean ©Andoni Canellada  / Foku

24 urteko gazte bat preso sartu dute sexu erasoa leporatuta

Berria

Astelehenean, Zumarragan emakume gazte bati sexualki erasotzea leporatzen diote gizonezkoari

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. ©Jon Urbe, FOKU

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Uxue Rey Gorraiz

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

EHUren Donostiako campuseko fakultate bat, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta / efe

ELAk azaldu du EHU zigortu dutela ikertzaile eta irakasle batzuek jasandako «soldata diskriminazioagatik»

Irati Urdalleta Lete

ELA sindikatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programen bidez kontratatutakoei zuzenean kontratatutako ikertzaileei eta irakasleei baino 7.000 euro gutxiago ordaintzen zizkieten.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. ©Bilboko Udala

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Jone Arruabarrena

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.