BIRA
Salerosian
Azokara itzuli naiz bost aste igaro eta gero. Autotik atera gabe izan dut lehen elkarrizketa. Atzo izandako gertaera batzuez galdetu didate lehenengo, eta nire hankaz gero. Hortik aurrera ehun aldiz azaldu dut zer gertatu zaidan. Azkar pasatu da goiza. Igarri orduko ez da inor falta izan galdetzeko. Beste egoera batean ito egingo nintzateke, baina azokan ez. Agian ez da hala izango, baina konfiantza eta maitasun seinaletzat ere hartzen dut jendearen kezka. Betiko buelta egitean etxerako gauzak erosi ditut, eta dendakoek pozez hartu naute. Nire ingurukoek diote normala dela gastua eginez gero ondo hartzea. Egia izango da neurri batean. Eman egoerari buelta, ordea. Saltoki handietan ere egiten dugu gastua, baina bolada batean ez bagara joan, inork ez du gure faltarik hartzen. Badago ordezkatuko gaituen jendea. Alderantziz ere ez dugu kezkarik erakusten. Han egoten dira paparrean izena jarrita saltzaile saila, baina baten bat ez balego, ez genuke igarriko. Ez diegu zer moduz dauden galdetzen. Jakina, hori saltoki handietan: Internetez erosten dugunean, ez dakigu makinaren atzean inor dagoen ere.
Saldu eta erosten dugunean hartu-emanak sortzearen aldekoa naiz ni. Ez dute sakonak izan behar, baina gutxienez elkar zenbakitzat hartzen dugun pertsona bi ez izan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.