Albistea entzun

Gerra Ukrainan

NATOn sartzeko atea ireki dio Turkiak Finlandiari

Erdoganek esan dio parlamentuari has dezala berreste prozesua. Suediari eskatu dio 120 «terrorista» bidaltzeko
Sauli Niinisto Finlandiako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa, atzo, Ankaran.
Sauli Niinisto Finlandiako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa, atzo, Ankaran. MURAT CETIN MUHURDAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 18

Ia bederatzi hilabetez negoziatzen aritu ondoren, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko atea ireki dio Turkiak Finlandiari. Izan ere, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek atzo jakinarazi zuenez, Finlandiak Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko aurkeztutako hautagaitzaren berreste prozesua hasiko duela Turkiako Parlamentuak. NATOko 29 estatu kideen artean Turkia eta Hungaria dira hori egin ez duten bakarrak. Hungariako Parlamentua, hain zuzen, hilaren 27an da tramitearekin hastekoa.

Finlandiako presidente Sauli Niinisto eta Erdogan Ankaran batzartu ziren atzo, eta ondoren agerraldi bateratua egin zuten. Turkiako estatuburuak ez zuen zehaztu berrespena noiz eramango duten parlamentura, baina aintzat hartu behar da presidentetzarako bozak egingo dituztela maiatzaren 15ean; berreste prozesua horiek baino lehenago gauzatzea espero du Erdoganek.

Iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira hasi zen Finlandiako Gobernua hitz egiten NATOko kide bihurtzeko aukeraz. Suedian ere gauza bera gertatu zen. Horrenbestez, Europa iparraldeko bi herrialdeek elkarrekin aurkeztu zuten, iazko maiatzaren erdialdean, aliantzako kide bihurtzeko eskaera. Hori gogoan, Niinistok nabarmendu zuen Finlandiaren bat egitea ez dagoela «osatuta» Suedia gabe. Bien asmoa zen batera bihurtzea aliantzako kide.

NATOko estatu kideek beto eskubidea dute, eta Turkiak betoa ezarri zien bi herrialdeei, ekintzaile kurduei, hau da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitateei, babesa ematen dietela leporatuta. Biak ala biak «terroristak» dira Turkiarentzat. Aliantzak ekain amaieran Madrilen egindako goi bileran, baina, beto hori kendu zuen, hiru herrialdeek dokumentu bat sinatu ondoren. Ankararen arabera, bi estatuek konpromisoa hartu zuten «guztiz kooperatzeko» beraiekin «PKKren eta bere adarren aurkako borrokan».

Erdoganek pentsatzen du Helsinkik bete dituela jarri zizkion baldintza guztiak; horietako bat da, esaterako, bere lurraldean saihestea Ankarak «terroristatzat» jotzen dituen taldeen jarduerak. Turkiako estatuburuak uste du, ordea, Suediak ez duela berdin jokatu, eta hori azaldu zuen atzo: «Ez gaude Suediaren kontra, baina Suediak beso zabalik hartu ditu terroristak eta kaleak ireki dizkie. Esan nion Suediako lehen ministroari 120 terrorista bidaltzeko. Ez dizkigutenez eman, ezin dugu haienganako jarrera positibo bat eduki. Finlandiarekin ez da hori gertatu, eta gure posizioa positiboa da».

Stoltenberg, pozik

Azken hilabeteetan Ankara haserretu duten pare bat gertakari izan da Suedian; biak, urtarrilean. Stockholmen egin zuten protestan, Erdogan urkatzea itxuratu zuten. Hori, batetik. Eta, bestetik, eskuin muturreko militante batek Koranaren ale bat erre zuen Ankarak Suedian duen enbaxadaren aurrean. Horrek Suediaren kontrako protestak eragin zituen Turkian.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak atzo azpimarratu zuenez, «inportanteena» dela Suedia laster bihurtzea aliantzako kide, nahiz eta ez izan Finlandiarekin batera. «Pozik hartu dut Turkiaren erabakia. Finlandiaren, Suediaren eta NATOren segurtasuna indartuko ditu», adierazi zuen ohar batean, eta gogoratu aliantzaren «historia modernoko» berreste prozesurik azkarrena izaten ari dela bi herrialdeena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indigenen Gaietarako ministro ohi eta aborigen Ken Wyatt, haren izendapenean, Canberran (Australia). ©Lukas Coch / EFE

Aborigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Maddi Iztueta Olano

Galdeketan baiezkoak irabazten badu, Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa izeneko batzordeak ordezkatuko ditu indigenak parlamentuan.

Kenyako bi artzain, hildako auntzen gorpuei begira, artxiboko argazki batean. / ©Dael Irungu, EFE

Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Arantxa Elizegi Egilegor - Oskar Epelde Juldain

Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioak %400 egin du gora 2021eko urtarriletik, eta 22,7 milioi lagunentzat ezinezkoa da hura erostea. Somalian, iaz, 43.000 pertsona hil ziren lehortearen ondorioz.

 ©BERRIA

«Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

O. E. J.

Ekintzailearen esanetan, diru falta da erakundeen arazo nagusia, horrek ezinezko egiten baitu luzerako planak bultzatzea.
Israelek hildako hiru palestinarren hileta, Jeninen, Zisjordanian. Artxiboko irudia. ©Alaa Badarneh / EFE

Israelek palestinar bat hil du tiroz Zisjordanian

Julen Otaegi Leonet

 Urtea hasi zenetik 87 palestinar hil dira Israelgo Armadaren erasoen ondorioz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...