Onintza Enbeita.
BIRA

Iraila

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Duela denbora asko kurtso berrirako planak egiten harrapatuko gintuen irailak: ingelesa hobeto ikasi, argaldu, kirola egin, jende toxikoari ihes egin... Aurten zaila da nola harrapatu gaituen azaltzea. Ez dago bihar gertatuko zaiguna asmatzerik. Ez dakigu eskolara doazen umeek zenbat denbora iraungo duten ikasgeletan. Ez dakigu berriro ere etxean sartzeko aginduko ote diguten. Ez dakigu musukoak noiz arte babestuko gaituen. Ez dakigu gaixotzen bagara ospitalean lekurik izango dugun. Ez dakigu seguru Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin zer gertatuko den. Eta ezer ez jakiteak zaurgarri egiten gaitu. Guztia kontrolpean izan dezakegula sinetsarazi diguten garaiotan, latza ziurtasunik ez izatea.

Eta iraila heldu da berriro. Erlojuak ez dauka gelditzeko asmorik. Denborari ez dio ardura guk zer egiten dugun bera joan doan bitartean: berak bere bidea egiten jarraitzen du etengabe. Beraz, guk ere zerbait egin beharko dugu denboraren joanean. Nahi dugun guztia egin ezin badugu ere, ahal duguna egin dezagun. Egin diezaiogun zin geure buruari kurtso berrirako badugula asmo bat: gure askatasunean sinisten jarraitzea, ekitea eta daukaguna baino alternatiba hobeak egon daitezkeela sinistea. Eta egin dezagun zerbait denbora gure paretik pasatzen den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.