Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Zurean ere txakurrak ortozik?

2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Turistek, beste munduak kontenplatzeko ordez, eurak munduan daudela jakiteko egiten dituzte argazkiak. Halaxe dio Sarrionandiak bere azken liburuan, gaitzesle. Bada bai, arrazoi betea du: ni, behintzat, horrelakoa naiz. Munduko bazter txiki batean urte luzeak eman ditut lekuoi buruz irakurtzen, hainbeste urte ezen harritzen naizen benetan existitzen direla konturatzean. Alegia, ez direla Star Wars-eko planetak bezalakoak, nahiz eta haien xehetasunak ere buruz ondo dakizkidan.

Lekuak ez ezik, pertsonaia historiko edota entzutetsuak geure bizitzetara gerturatzeko mekanismoak ere badauzkagu. Batzuetan, pertsona horiek erabilitako objektuak biltzen ditugu; baketak, liburuak edo haginak garbitzeko zotzak, esaterako. Era berean, badago nahiago duenik miretsi duen pertsonarekin parrandan atera, kafetxo bat hartu edo bere hilobia nahiz bizileku ohia bisitatu. Beste batzuetan, bizitza pribatuaren zertzeladak irakurtzea atsegin dugu, dela Voici edo ¡Hola! aldizkarietan, dela argitaratutako korrespondentzia bildumetan —desberdintasunak desberdintasun—.

Nik, gehienbat, azken jardunari ekiten diot. Ez dut Pronto irakurtzearen apologiarik egin, baina ez nau asetzen pertsona baten irudia bere obraren bitartez bakarrik osatzeak. Datu biografikoak ezagutzeko irrikan daudenen eskolakoa naiz. Ez obra hobeto ulertzeko asmoz halabeharrez, baizik eta giza bizitzari buruzko irakaspen borobilago bat ateratzeko nahian. Konprenitu nahi dut zein motatako grina, zalantza, beldur eta itxaropenak dauden halako oihartzuna utzi duen norbaiten atzean. Alegia, ez direla Star Wars-eko jedi zaldun hotz eta ezkongeak, baizik eta neure modukoak. Neuk ezin baitut bizitzan ezer ondu asmoak eta ideiak emozioen eta bizipenen galbahetik pasatu gabe.

Urrats bat harago, adiskide batek eta biok jolas kutun moduko batean noizbehinka aritzea maite dugu: eguneroko huskeria eta sufrikario arrunt eta negargarriek jota gaudenean, geure kezkak eta gogoetak gustuko ditugun erreferente historikoen buruetan jartzen ditugu, haiek ere horrelakoetan arituko ziren-eta nahitaez! Zenbat eta miserableagoa izan jarduna eta ospetsua pertsona, orduan eta dibertigarriagoa da kontua. Nola jokatuko luke Mikel Laboak baserriko auzoak leiho garbitu berrietan barraskiloak jarriko balizkio gogo txarrez (benetako pasadizoan oinarritua)? Eta Patricia Highsmithek etxea arkakusoak triskatzen? Bertolt Brechtek astebeteko harrikoa egiteko beharraren aurrean? Oteizak amaren lehengusuaren ezkontza ezin kutreagoan mahaikide mozkorrak congara sartzeko tematzen direnean?

XXI. mendeko Plutarkoren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.