andoni egana
HITZ ETZANAK

Lizuna

2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Duela gutxi ikasi dut obszenoa, lizuna, zer den. Derrigor eszenatik kanpo egon behar lukeena omen da obszeno, lizun. Eszenan jartzeko modukoa zer den eta zer ez erabakitzerakoan, garaian garaiko eta tokian tokiko ideologiak aintzat hartu beharko dira, ordea. Duela mende-erdi pasatxo obszenoa zen zangoak gehiegi bistararazten zituen gona bat. Lizuna. Zokorako hobea. Egun, obszenoa izan daiteke ez birziklatzea...

Eszenatokiaren erdi-erdian txertaketaren kontua jarri digute azken hilabeteotan. Natural aritzen gara lagunartean txertaketari buruz. Nik halako egunetan eta halako marka hartu nuen. Jende mordoa zegoen, baina esandako orduan hartu ninduten. Ez dut besaburuko minik izan... Eta halako batean natural egiten dizu irrist galderak: «Eta zuk?». Ez zara jabetzen —hain dago eszenaren gunean txertoaren hori!— galdera obszenoa egiten ari zarenik ere. Besteren osasunari buruzko datuek eszenatik kanpo behar lukete beti. Are kanporago lagunarteko berriketaldian izan ordez, leku publiko batean aireratzen bada galdera. Lanerako elkarrizketa batean «ama izateko asmorik ba al duzu?» bezain galdera lizuna izan daiteke—non-norakoen salbuespenak salbuespen— «txertatuta egongo zara, noski?» galdera.

Betebehar morala da obszenoa ez izatea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.