BIRA
Klaseak
Gure ospitaleak garbitzen dituzten pertsonak greban daude. Gure osasuna zaintzen edo konpontzen digutenean gure azpian egongo den lurra garbi eta argi egon dadin lan egiten dutenak protestara atera dira. Gure kirofanoetan bakteriorik bildu ez dadin desinfektantez eskuak erretzen dituztenek ez dute baldintza duinetan behar egiten. Goiak eta beheak jo beharko genituzke haserrearen haserrez, baina enteratu ere ez gara egin ia, eta gure agintariek egin dutena Ertzaintza bidaltzea izan da. Gurutzetako ospitaleko harreran langileei oldartu zaie Ertzaintza eta, tabernan esango nukeen moduan esanda, ostia ederrak banatu ditu. Pentsatzen hasi naiz, badaezpada, ez dutela Donostiako medikuen kontra kargatu. Haiek ere protesta duinean ari dira, eta osasun sistema publikoa defendatzea ez dagokie haiei bakarrik: guztion ardura da behar dugunean ondo artatuak izan gaitezela guztiok.
Miresten dut erakutsi duten kuraia, baina Ertzaintza, orain ere, azpiren daudenei oldartu zaie. Kasualitatea izango da agian, protesta mota bestela, geografiak eragingo du... baina ez dakit kausalitatea ere ez ote dagoen. Supermerkatuan erosi eta azokan erregateatu egiten dutenek bezala, Ertzaintzari zer egin agintzen diotenek ere ez dituzte maite euren ustez eurak baino eskala sozial baxuagoan daudenak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.