Ingurugiroari buruzko heziketaren nazioarteko eguna ospatzen da gaur. Ospatzekoa da, bai, heziketan ikuspegi hori txertatu beharra zegoela norbait konturatu izana. 1975ean Belgraden elkartu ziren munduko agintariak, eta heziketan nola eragin erabaki zuten, Karta baten bidez. Sei ardatz marraztu zituzten etorkizun hobe baten bila: pobreziari, goseari, analfabetismoari, kutsadurari, esplotazioari eta zapalkuntzari aurre egiteko heziketatik urratsak egin behar zirela onartu zuten, aho batez.
Ingurugiroari buruzko ikuspegi zabalak harritu nau. Onerako. Titoren Jugoslavia hartan Sobiet Batasuna, AEBak, Kuba, IparKorea, Argentina, Frantzia eta gainerakoak adostasunetara iritsi izana ere harrigarri gertatu zait; baita daten kontu hutsalago bat ere. 1975eko urrian burutu ziren jardunaldiak, baina urtarrilaren 26a izendatu dute eguntzat, segur aski Nazioarteko Egunen egutegian beste datarik ez zegoelako libre. Gutxiago harritu nau laurogeitaka estatu bildu ziren hartan Espainia falta izanak. Mendebaldeko Sahara saltzen arituko ziren. Eta Francoren osasunari buruzko mediku agiriak idazten.
Kontuak kontu, jakizue asmorik onenez idatzitako paper baten sorrera ospatzen dugula gaur. Ordutik hona euririk egin izan ez balu, busti ez zedin!

HITZ ETZANAK
Karta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu