Hogeita bost urte beteko dira aurten. Hazparnen. 1998an. Han antolatu zituzten lehen bertso-udalekuak. Ez dakit zenbateko luzera izango zuten. Astebete? Hamar egun? Hazparnen zergatik antolatu zituzten ere ez dut gogoan. Sena? Seta? Nazio ikuspegi garatua? Beharra irakasle? Iparraldeko begiraleren bat gogoan dut. Eta Hazparnen orduko hartan ezagutu nituen neraberen batzuk oholtzakide izan ditut gerora. Xabi, Amets, Iban, Aitzol, Odei, Miren... Sumatzen genuen mugaz bi aldeetako gaztetxoak elkartzeak onura baino ez zekarkeela.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroetan, Baionan, mugaldeko harremanez aritu ziren herenegun Aitzpea Leizaola, Iban Larrandaburu eta Gaizka Aranguren. Azken honek eskaini zuen ideia polita iruditu zitzaidan. Etorkizunerako oinarririk sendoena pertsonen arteko harremanek sortzen dutela aintzat hartuta, 10 eta 13 urte bitarteko nerabe euskaldunek ikasketa urte bat pasatzea mugaren bestaldean.
Erraza ez dirudi, hiru administrazio eta hainbat hezkuntza-sare ditugun herri honetan. Baina egin behar litzateke. Erasmus aipatzen duten bezain harro aipatuko lukete guraso eta aitona-amonek: «Gurea, aurten, Kanbon dabil 'Etxahun'-ekin joanda». Edo «Urretxun ari da eskolan, 'Joxepantoni' egiten». Zergatik ez?

HITZ ETZANAK
Mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu