Onintza Enbeita.
BIRA

Umorea

2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Inork ez dakien arrazoiren batengatik, talent show horietako bat ikusten egon naiz. Gurpildun aulkian eserita egin du gizon batek agertokirako bidea. Gurpildun aulkian ibiltzeak omen dituen abantailez hizketan hasi da. Ustez, bere buruari barrez. Bertan dagoen publikoa lehertzeko zorian dago, baina nik, telebista itzali behar izan dut; derrigor. Sutan jarri naiz. Ez dakit zein abantaila izango dituen gurpildun aulkiak, baina badakit norbere buruari barre egin behar zaiola esaten dugunean esan nahi dugun hori zer den. Eta iruditzen zait gutxik egiten diotela euren buruari barre modu sano batez. Lodiarentzat loditasuna da barrerako aitzakia, ibili ezin denarentzat gurpildun aulkia, begi okerrarentzat begia, eta horrela pentsa ditzakegun aniztasun funtzional eta desberdintasun guztiekin.

Baina nork erabaki du horiek direla barre egiteko motiboak? Nork dio melena luzea izatea baino barregarriagoa dela burusoila izatea? Inposatu diguten kanonean ez kabitzeak ez gaitu barregarri egiten. Desberdintasunekin injustua den mundu honetan, desberdin egiten gaituenari barre egiteak zaurgarri egiten gaitu. Izan ere, lerro artean esaten ari garena da, barrerik ez diezaguten egin modu konkretu batekoak izan behar dugula, eta hori umorea den edo ez ez dakit, baina grazia gutxi dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.