Onintza Enbeita.
BIRA

Errealitatea

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Abuztutik, uztailetik edo ekainetik darabilzu marmarra barruan. Ahotsak entzuten dituzu, baina zeureak dira. Gaur esaten dizute ea zergatik eman duzun izena txapelketan, bihar onena zarelako animatzen zaituzte, etzi haserretu egiten zaizkizu ez duzulako errimategia errepasatu eta etzidamu dena pikutara botatzearen beharraz konbentzitzen zaituzte. Iristen da iraila eta hasten dira lagunak kantuan: batzuek diz-diz egiten dute eta beste batzuek laprast. Angustia sartzen zaizu eta ez diozu zeure buruari baimentzen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan idazten den ezer irakurtzerik. Zure txanda iristen da eta deskontrolatu egiten zaizkizu asteak. Azkenean, zure azken saiotik irteten zara zoriontsu, irrist egin eta erori egiten zara. Lehenengo errealitate kolpea: txapelketa betean ere, zaindu egin behar duzu zapaltzen duzun hori. Bigarren errealitate kolpea maite dituzunek ematen dizute: hiru hilabete daramatzate zure txapelketaren eta hark eragindako umorearen mendi errusiarrean bueltaka. Ez dute merezi. Hirugarren errealitate kolpea, eta ederrena, azokako bezeroek ekartzen dute, beti: telebistan ikusi zaituzte, negarrez, beste neska bi besarkatzen. Ez dute egoera ulertzen, baina ez zaie gustatzen zu negarrez ikustea. Egin dezagun barre, beraz; bizitza aurrera doa eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.