Pena ematen duten gauzen zerrenda gero eta handiagoa da gurean. Berdin dio zer dioen Aranzadik, zer gertatu den gure herrian azken bost hamarkadetan, zer egin duen alde batek eta nola erantzun duen besteak. Berdin dio denak. Hauteskundeak egingo dira maiatzean, eta batzuek, ustez jaiotzaz dagokiena berreskuratu gura dute: alkatetza. Kasu honetan Galdakaokoa. Galtzean ematen duten mina ikusita, badirudi badutela zerbait alkatetzek, bertan irauteko gogoa sortzen duena.
Izugarria da ez dakit zeren izenean inoren sufrimendua ukatzea. Batez ere, sufrimendua eta giza eskubideen urraketak eta minak, eta oinarrizko eskubideak eta biktimak, ondo azalduta dauden txosten bat badagoenean. Esku bete botoren truke inoren mina isilarazteak lotsarazi egin behar luke udala gobernatu nahi duena. Egiten ari den horretan jakinduria, pazientzia eta denbora inbertitu duen talde profesionalaren lana komunetik behera botatzeko saiakera honek ezin du udal talde bat harrotu. Ez da zilegi eta ez da beharrezko. Inork ez lituzke hauteskundeak irabazteko gatazka baten biktimak erabili behar, ezta bere ustez errudunak izan direnen izenak ere. Politika egiteko modu lorrinak modan daude, ordea: haizagailua martxan jartzea erraza da, eta horrek beti dakar kakaren zabalkundea.

BIRA
Galdakao
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu