Onintza Enbeita
BIRA

Parte hartzea

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkeztuko diren hiru alkategaietatik bat emakumea da. Poztekoa da proportzioak aldatzen ari direla ikustea, baina ez gaitezen datu horretan gelditu. Alderdi politikoek arrazoi bat baino gehiago izaten dituzte euren zerrendaburua aukeratzeko: alderdiaren gainetik asanbladak edo hautesleek hala nahi izatea, aurreko hautagaiek egindako akatsak aurpegi berriekin zuritzea, itxura modernoa ematea, matxistegi ez agertzea... beti ez dute norbere balioek agintzen; ezta alderdiaren balio absolutuek ere. Horregatik pentsatzen dut, hiru alkategaitik bat emakumea izatea poztekoa bada ere, beste gauza batzuetan jarri behar dugula lupa. Zerrendaburuak garenean ere, gure alderdiek ez baikaituzte beti tratatzen halako karguari edo lekuari zor zaion errespetuarekin. Ez zaigu emakumeei bakarrik gertatzen, baina gizonei baino askoz gehiagotan gertatu izan zaigu.

Zer esan, ordea, udaletako langileek daukaten jarreraz? Alkate izan diren emakume askok kontatzen dute langileek mespretxuz hartu izan dituztela hasieran, inolako errespeturik gabe. Beraz, poztu gaitezen, baina jarrai dezagun gure lekuari eusten. Oraindik ere autoritatea zalantzan jartzen da hemen, emakumeen eskuetan badago. Edo haien eskuetan egote hutsagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.