andoni egana
HITZ ETZANAK

Sartu-irtena

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Elegantzia, xinpletasuna baino ez dela esan zuen Coco Chanelek; soinean zer daramazun ahanztean datzala Yves Saint Laurentek. Azaleko elegantziak atzera ere eragin dezake. Niri hala gertatzen zait zenbait politikari sumatzean. Esaterako, eta ez da adibide soil bat baizik, Albert Rivera. Haren hitzak, haren esaldiak, haren imintzioak, haren irribarreak, haren erreakzioak... den-denak haren sastreak eginak direla dirudi.

Janzkeraz haratagoko zerbait da, ordea, elegantzia. Bada pertsona eleganteari buruzko definizio bat atsegin dudana: edozein bilkuratara iritsi eta inor ohartu ez, eta aldegitean denek faltan sumatzen dutena da elegantea. «Hemen nago ni!» baino hobea da «Non da?».

Donald Trumpengatik ezin esango dugu elegantea denik. Joan zen astelehenean aipaturiko definizioaren juxtu kontrakoa egin zuen beste behin ere. Ez zuen inork espero, eta han azaldu zen Nazio Batuen Erakundearen egoitzan klima larrialdiari buruzko bileran. Denak ohartu ziren iritsi zela, kazetariak, politikariak, parte hartzen ari ziren aktibistak... Berak ez zuen parte hartu. Harena ez zen sartu-irtena baino izan. Ez zuen hitzaldirik ez promesik egin. Ez zitzaien konpromisoei lotu. Hamar minuturen buruan joan egin zen. Eta inork ez zuen faltan sumatu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.