Noiz sortua: 2020-05-22 00:30:00

Euskara ardatzean jar dadin, 'Geroa euskaratik' kanpaina hasi dute

Kontseiluak abiatu du etorkizuna euskaratik eta elkarrekin eraikitzeko kanpaina hori, eta herritar guztien ahotsa entzutea da helburuetako bat. Sare sozialetan bideoak zabaltzera deitu dute
Euskararen aldeko protesta bat, Iruñeko Udaletxe plazan.
Euskararen aldeko protesta bat, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko maiatzak 22

Kontseiluak azaldu du etorkizunera begira erabakiak hartzeko ordua dela. Haren arabera, COVID-19ak sortu duen krisiak agerian utzi ditu gizartean eta, ondorioz, baita euskararen esparruan ere zeuden hainbat hutsune. «Begi bistakoa izan da herritarren arteko desberdintasuna eta zaurgarrienen bazterketa, normaltasuna deitu duten hori ez baita izan denona; hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori». Azaldu dutenez, «normaltasun berri baterantz» jotzeko aukera dago orain, eta elkartasuna izango da oinarri nagusietako bat. Bide horretan, euskara jarri dute ardatz, eta kanpaina bat abiatu dute, Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz lelopean.

Euskararen normalizazioak «bestelako gizarte normalizazio bat» bultza dezakeela uste du Kontseiluak, hala nola eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa eta konpromiso kolektiboa oinarri dituena. Nabarmendu dute Kontseiluko bazkideak bat datozela mezu hau helarazterako orduan: «Euskara ardatz duen gizarte bat izango da, berdinzaleagoa eta demokratikoagoa, eta inoiz baino beharrezkoago duguna». Herritarrak eta eragileak ere deitu dituzte euskara erdigunean izango duen kanpaina horretan parte hartzera. Antolatzaileen arabera, haietako bakoitzak aukera edukiko du azaltzeko geroa zergatik eraiki behar den euskaratik, «norbere esparrutik eta esperientziatik».

Euskara, elkarrekin aritzeko

Kontseiluak ohartarazi duenez, etorkizuna euskaran ardaztu behar dela esaten dutenean, gizarte osoaren onurak ari dira azpimarratzen. Haien arabera, hainbat dira euskalgintzan elkarrekin jarduteko eta euskararen aldeko jarrera izateko arrazoiak: «Euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu, eta euskaldunak bezala gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna izan daiteke». Hain zuzen, gaineratu du euskarak elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen duela, gertutasuna eta elkartasuna oinarri izanda. Horregatik, Kontseiluaren nahia da euskara izatea herritarren eskubide guztiak bermatzeko zutabea, eta hizkuntza izatea «gizarte berdinzale eta demokratiko» baterako oinarri. «Inoiz baino zilegiagoa eta beharrezkoagoa da euskararen normalizazioaren alde egitea, denok elkar hartuz eta zainduz, gaurdanik geroa jada jokoan dugulako».

Kanpainaren helburua da herritar guztiei lekua egitea, guztien ahotsa entzutea, eta, horregatik, galdera bati erantzuteko gonbita egin die Kontseiluak: «Zergatik geroa euskaratik?». Erantzuten lehenak Kontseiluko bazkideak izango dira, eta bideo laburrak egingo dituzten sarean plazaratzeko. Ekainaren 4an mahai inguru bat egingo dutela jakinarazi dute, Euskara ere normalitaterantz? izenburupean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna