Onintza Enbeita.
BIRA

Urtebete

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ez gara duela urtebete baino pertsona hobeak. Zoragarria izan zen planetako edozein bazterretatik zerua ikusi ahal izatea, baina muga perimetrala kendu eta sei egunetara, auto ilarak eragin ditugu kostarako bide guztietan. Behar dugu hiritik ateratzea, beharrezkoa dugu arnasa hartzea. Zaurgarritasunarekin enpatizatu genuen, baina urtebetean ez dugu ikasi geu ere zaurgarriak garela. Ez gara ohartzen izurriaren ostean gauzak aldapa gora izango ditugula, eta ez dugu ulertu nahi emozionalki zein gaizki gauden. Osasun publikoko langileei txaloak jo genizkien egunero; orain, ordea, ordaindu genezakeen diru kopuru baten truke, gustura txertatuko ginateke edozein klinika pribatutan. Badakigu jende asko gorriak ikusten ari dela, baina diruz ordaindu daitekeena...

Ez; ez gara duela urtebete baino pertsona hobeak. Gure frustrazioa ondokoak gaizki egiten duena salatzen husten dugu. Denok gara polizia, denok epaile, denok zientzialari. Gizateriaren zera txarrik gehienak berreskuratu ditugu: geurekoikeria, inguruarekiko begirunerik eza, abiadura zoroa... Zenbait eskubide berreskuratzea baino ez zaigu falta. Bai, badakit eskubideok berreskuratu egingo ditugula izurritea bukatzean. Ez dakidana da, horrela, besterik gabe emango dizkiguten edo berriro borrokatu beharko ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.