andoni egana
HITZ ETZANAK

Bidesariak

2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zenbat urte joan dira ordutik, zortzi, hamar, hamabi? Gehiago? Ahaztu egiten zaigu. Niri behintzat bai. Gasolindegi batera iritsi, eta lehen aldiz autoari erregaia geuk bota behar izan genion egun hartaz ari naiz. Autozerbitzu hitzak bere esanahirik makurrenari heldu zion hartan konturatu ginen depositua bete artean betiko langilearekin bi-hiru hitz ez gurutzatu izanak hutsago uzten gintuela. Bi-hiru hitz gutxiago eta lanpostu bat dantzan.

Esku-traketsa naiz oso, txukunurrutia ondorioz, eta lehen aldi haietan behar bezala zerbitzatzen asmatu ez eta galtza-barrenak zipriztintzen nituenean, behin baino gehiagotan baretu nuen piperraldia errurik ez zuen kobratzaileari esanez: «Esaiozu nagusiari ez izateko azkarrustekoa. Baldintza hauetan nik ere negozioa aurrera aterako nukeela».

Erregaien prezioa; erregaiak norberak zerbitzatu beharra… eta orain, lehen ez ziren lekuetan ibilgailu astunentzako bidesariak. Edonondik dirua atera nahiak istiluak sortzen ditu non-nahi. Honela zioen kamioilari batek: «Hollandek eta Macronek Frantzian kamioientzat bidesariak jarri nahi izan zituztenean, garraiolariek arkuak erre zituzten. Hemen, edozer irensten dugu». Erregaiak garesti eta arkuak erregai. Nire txatxu hura baino mendeku eraginkorragoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.