HITZ ETZANAK
Etena
Zuretzat beti izan da naturala, eta ez zara jabetzen albisteren bat iristen den arte. Orduan konturatzen zara, hasi lau urterekin eta hogeitakarekin amaitu, zure ikasketa prozesuan, urtebetez izan ezik, beti ikasgela mistoetan aritzeko zortea izan duzula, eta hori zure adinkideentzat ez zela batere ohikoa. Irakasleak ere bietarik izan dituzu, ume-umetan andereñoak soilik, baina maisu eta andereño koxkortu ahala.
Jabetzen zinen zuek euskaraz ikasten zenutela eta besteek ez; konturatzen, zuek eraikinik ez zenutela eta besteek bai; besteek ez zutela zuek bezalako kantarik eta jolasik ikasten ere ohartzen zinen. Izkurri-etan h-a erabiltzen hasi beharrak nolako xextra ekarri zuen ere ez zitzaizun arrotz. Baina neskek eta mutilek ikasgelan eta gelaz kanpoko jolas eta kiroletan elkarrekin parte hartzeak zer suposatzen zuen pentsatzen ez zinen inoiz jarri. Eta ez zenuke jakingo, gerora, harremanean heziketa modu horrek ze ondorio izan dituen xehatzen...
Mende erdi baino gehiago igaro da, eta albisteak kolpatu egin zaitu. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten bi ikastetxeri. Puf! Oraindik horrelakorik bazenik ere ez zenekien. Atzerakoia izatea gauza bat da, eta hain atzera begira bizitzea, bestea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.