andoni egana
HITZ ETZANAK

Bila

2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ergelkeriak ez du mugarik; jakinduriak, bai. Hala dio esaldi ezagun batek. Eta beste batek dio jakinduriak ez duela lekurik harrapatzen. Ez dakit ba...

Albert Fert frantziarrari eman zioten 2007ko Fisikako Nobel saria. Magnetoerresistentzia erraldoien inguruko deskubrimendu bat egin zuen eta ordutik disko gogorren almazenamendu gaitasuna askoz ere handiagoa da. Donostian izan berri da. Eta kazetari batek galdera egin zion, elkarrizketa prestatzeko Interneten sartu zela, eta ea horrekin energia asko xahutu zuen. Zenbat denbora eman zuen galdetu zion ikertzaileak, hamar minutu ala hamar ordu. Kazetariak, ez zuela denbora asko eman erantzun zion, hogeita hamarren bat sartualdi, bilatzaile baten bidez. Orduan, fisikariak kalkulu zehatza eskaini zion: «Gutxi-gehiago, litro bat ur irakiten jartzeko adina energia xahutu zenuen niri buruzko informazioaren bila».

Jakinduriak, beraz, lekua hartzeaz gain energia ere xahutzen du. Ez zitzaidan inoiz burutik pasatu ere egin, Pedro Mari Otaño nola hil zen bila nabilela edo Bizarrapi buruzko informazioa lortzean, energia gastatzen ari nintzenik. Aurrerantzean, Googlen sartzen naizen bakoitzean, ur eltzekada bat izango dut buruan. Eta borborka hasten denean, asetzat joko dut nire ezagutza gosea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.