Albistea entzun

HITZ ETZANAK

Saihesbidea

Andoni Egaña -

2023ko martxoak 29

Hasieratik hartu nuen begitan. Ezinikusi irrazional bat zela banekien, baina saihestezin gertatzen zitzaidan. Eta badakit berea ez zela errua. Nirea zen. Behin, birritan, hiru aldiz... sartu nuen hanka, koska berean ez nuela berriro estropezu egingo neure buruari hitzeman arren. Estreinakoz huts egin nuenean, Foru Aldundia madarikatu nuen; bigarrenean, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua; hirugarrenetik aurrera, neure burua.

Euskal Herrian ibiltzeko garuneko GPSarekin aski genuela uste genuenok ere, amore eman behar izan genuen. Nahi gabe sartzen zinen, nola sartu zinen ere ez zenekiela. Eta irten, ongi ordainduta irtengo zinen, penintsulako autobide zatirik garestiena zen eta. Hizketagai bihurtu zen plazaz plaza genbiltzan kantukideon artean, ez bainintzen bakarra deskuidatu izandakoa. Saihesbidea nola saihestu izan zitekeen hizketaldi haien izenburu...

Joan dira hamaika urte ordutik. Orain iragarri dute datorren astetik aurrera Supersur saihesbidearen bigarren zatia irekiko dutela. Hasieratik hartu nuen begitan, bai, eta izena bera ere ez zait gustatzen. Porrotera bidean doan Andaluziako Aurrezki Kutxa baten izena dirudi. Edo Madrilgo aldirietako hipermerkatu batena. Eta Super-hego jarriko bagenio, Freud biziberritze aldera?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...