Onintza Enbeita.
BIRA

Adituak

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Beti harritu nau futbola tabernan ikusten duen jendeak. Ez gauza arraroa delako garagardoa edanez lagunekin partida ikustea, baina bai, jokalariek egiten dutena egiten dutela ere, hobeto egingo lukeen jende asko egoten delako ukalondoa barran jarrita guztiontzat berbetan: «Nola bota du hortik?», «Baina ez al du aurrelaria ikusi?», «Baina nori okurritzen zaio aldaketa orain egitea?». Berdin du zer gertatzen den, badakite nola egin daitekeen hobeto. Halakoak omen daude esku-pilota ikusleen artean ere. Pentsatzen dut kirol guztietan eta maila guztietan gertatuko dela. Eskolako saskibaloi partidetan guraso askok izaten duen jarrera ikusi besterik ez dago.

Beti pentsatu dut jende zentzudunez inguratuta nagoela, baina desoreka hormonalak ez du barkatzen, eta, bost urteren ostean, bertsolariak baino hobeto kantatuko lukeen jendez bete zait ingurua. Flipatuta nago! Zazpi epailerekin nahikoa ez, antza, eta dozenaka dira. Ez zuten bizitza guztian zortziko txiki bat josiko, baina haien eskema mentaletan ona zer den badakitela konbentzituta daude, eta trago bat hartzen zaudela etortzen zaizkizu zu bertsolari txarra zarela esatera, eta ona nor den erakustera. Ez baneki bezala! Abenduaren 19ak ez ditu ajea eta txapelduna bakarrik ekarriko. Bakea ere ekarriko du;galanta gainera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.