andoni egana
HITZ ETZANAK

Hainbestean

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Katastrofe-turismoari buruzko testu bat irakurri berri dut. Izan, bada. Gertuan izango duzu norbait Ponpeia bisitatu duena. Edo Auschwitz. Edo Ana Franken etxea. Edo Sarajevo birrindua. Txernobylek bisitari ugari du. Eta zer esanik ez zero zonak, New Yorken Dorre Bikiek utzitako hutsuneak.

Historiaren ezagutza jarriko dugu arrazoi: «Berriz gerta ez dadin zer gertatu zen ikusi eta sentitzea ezinbestekoa da». Baina bada ezaugarri humano bat era honetako ekimenen arrakasta ulertzen lagun dezakeena. Morbosoak gara. Besteri gertaturiko desgrazien tamainak laguntzen digu gure ongizatearen neurria zehazten. Horrelako toki bat bisitatu ondoren, beti erabakiko dugu «hainbestean» bizi garela.

Euskal Herrian inor ez da ausartu oraindik Hainbestean gustura Tour bat antolatzen. Balegoke zer bisitatua. Itsas-jira bat Bermeo aldean duela ehun urte pasatxoko denborale gaizto hura bizitzeko; Gernika; Gesalibar eta Bergarako kartzela; Zaldibarko mendi-mazela; Azpeitiko urkamendia; Mendaroko uholdeen markak; Ortega Lararen zuloa: Endarlatsa; Zugarramurdi eta Baiona sorgin-ehiza gogoan; Iruñetik gertuko San Kristobal gotorlekua... Ez ginateke segur aski bat etorriko zer bisitatu eta zer ez erabakitzerakoan. Eta ia-ia, hala hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.