Badut adiskide bat, begi-zolikoa, nork bai eta nork ez oso ongi bereizten duena. Adi egoten natzaio, biok ezagutzen ditugun beste lagun batzuk ahotan hartuz, zerrendak osatzen hasten denean. Olaizolak bai; Josuk ez; Aiztiberrekin erne; Exkerra-k bai; Begoñak ez; ezta Jexuxek ere. «Hik ez duk joko. Eta nik ere ez». Oso argi dauka berak kiebra nork jo dezakeen eta nork ez. Izen-deiturekin. Eta epaia ematen du, niri handiegia iruditzen zaidan determinismo batez: «Behin jo duena hor nonbait ibiliko duk berriz ere!».
Lagun horren zerrenda grina etorri zait gogora, Eustatek familiako gastatzen duguna xehatu eta argitara eman duenean. Inoizko gorakadarik handiena egin omen du gastu horrek. Ehuneko zazpia urtebetean. Pandemiatik irten izanaren poxak, inflazioak eta gainerakoek eraman omen gaituzte, bat-batean, etxebizitzan, jan-edanean, hoteletan, arropatan... askoz ere gehiago gastatzera. Jakineko kontua da familia bat baino gehiago oso egoera estuan aurkitzen dela...
Larri dabilenarentzat ukendu, deus konpontzeko balio ez duten jakitun, nire lagunaren hitzak ekarri nahi nituzke hona: «Larri dabilela antzeman zaionak ez dik sekula kiebrarik jotzen. Arrastaka dabilenak gorriak ikusiko ditik, baina ez duk eroriko. Ezin dik. Erori, goitik bakarrik egin zitekek».

HITZ ETZANAK
Jo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu