Onintza Enbeita.
BIRA

Popatik

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dut nik esango Samuel L. Jacksonek euskaraz egitea polita ez denik. Dena den, gure hizkuntza zapalduta eta gutxietsia egotea ez da nahikoa arrazoi inoren minarekin pozteko. Jacksonek bidal zezakeen Trump antzarak ferratzera, haizea hartzera, pikutara, infernura, desertura urik gabe, txakurrari arkakusoak kentzera... eta hala ere, popatik hartzera bidali du. Eta guk pozik egon behar derrigor; mesede bat egin baligute bezala. Ukaezina da gure hizkuntza mapan kokatu duela Jacksonen keinuak, baina euskarak ez du homofoboa izan behar. Euskarak, gure hizkuntza den neurrian, gure mundu ikuskera definitzen du, eta horrek ez luke matxista, supremazista, klasista... izan behar.

Ez, popatik hartzea eta ematea ez dira gauza txarrak. Aitzitik, gauza ederrak direla iruditzen zait. Kontua da sozialki gaizki ikusten direlako bidaltzen dugula jendea horretara. Zerbait txarra desio diogunean esaten diogu jendeari popatik hartzera joateko, eta horrek erakusten du zein esapide homofoboa den. Horregatik pentsatzen dut Jacksonen laprastada ez duela euskarak salbatzen.

Badakit gure hizkuntzarentzat oxigeno dosi guztiak direla beharrezkoak, baina kasu honetan ezin dut pozez lehertu. Euskarak eraiki nahi dugun mundu anitza esplikatzeko balio behar digu, eta ez daukaguna betikotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.