Onintza Enbeita.
BIRA

Indarkeria

2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ikusi gabe ere badakit instituzioak, politikariak, ikastetxeak, lantegiak... aterako direla gaur kalera. Nork onartuko du gaurkoa bezalako egun batean bikotea gutxietsi egiten duela, edo bere lankidea baino aukera hobeak dituela, edo ikasle batekin oheratzeko erabili zuela haren gaineko boterea, edo seguru ez zegoen neska hari sartu egin ziola, edo kazetari batek elkarrizketatu zuenean haren itxuraren gaineko balorazioa egin zuela inork eskatu gabe bere indarra erakustearren bakarrik, edo ez duela ahaleginik egin historiak isildu dituen emakumeen berri izateko? Gaur, horren guztiaren kontrako eguna da. Emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako eguna. Jarri egin behar zaio izen hori egun bati! Indarkeria matxistaren kontrako eguna esatea askoz ere errazagoa denean, eta askoz ere hobeto ulertzen dugunean esaten ari garena. Gauzei izenetik deitzeko baino instituzio eta gizarte egitura koldarragoak ditugu, eta gu, aluarekin jaio ginenok etengabe gaude indarkeria egoeretan. Eta etengabe estaltzen dugu maite edo ezagutzen dugun gizonen bat geure buruari hainbesterako ez dela izan esanda. Benetan, ez digu inporta gaur ez baduzue pankartaren atzean egon nahi: urte guztian gure gainetik pasatzen saiatzeari uzten badiozue mundua bizitzeko leku hobea izango da guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.