andoni egana
HITZ ETZANAK

Kaligrafia

2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Cristobal Balenciaga edo Juan Sebastian Elcanoren itzalean zetzan, erdi ezkutuan, niretzat behintzat. Baina Getarian herriko ikastetxeari bere izena jarri ziotenerako, Iturzaeta zelako hura norbait izango zela pentsatuta sortu zitzaidan jakin-mina. Eta hitz bakar batekin topo egitea aski izan zen bilaketari grina handiagoz heltzeko: Bastarda. Sasiko zetorkidan burura gaztelerazko bastarda entzutean. Memoriaren zokoren batean aurkitu nuen bastardilla izeneko letra mota bat ere bazela, gerora etzana deitu izan dioguna...

Jose Frantzisko Iturzaeta getariarra kaligrafo ospetsua izan zen XIX. mendean. Irun, Donostia eta Tolosan gaztaroa eman ondoren, Madrilera jo zuen. Han, berak sorturiko idazketa metodoak arrakasta handia izan zuen. Liburu bat baino gehiago argitaratu zuen letra moduez, baina ezagunena segur aski Arte de escribir la letra bastarda española izan zen. Eta ez didazue ukatuko azken bi hitzok elkarren segidan irakurtze hutsa irribarretxo bat lapurtzeko adina badela gaur egun.

Paradoxak zer diren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak legegintzaldi honetako lehen batzar nagusia burutuko du larunbatean, non eta Iturzaeta ikastetxean. Joan dadila ongi. Arnasguneen premia dugu. Sasi guztien gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.