Onintza Enbeita
BIRA

Taldetasuna

2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen ari garen honetan, hainbat aldiz sentituko gara kolektiboren baten parte. Zientoka lagun leku itxi batean sartzen gaituztenean taldetasuna sentitzen dugu. Gure jendearekin gaudela sentitzen dugu: edo gure afizioak konpartitzen dituztelako besteek ere, edo txaloetan igarri dugulako gu ados gauden horrekin daudela ados, edo momentu berean egin dutelako negar, edo auskalo. Kontua da erromantizismo handiz bizi izaten dugula kolektiboa gertakizun handietan. Bai futbol partida batean eta bai txapelketa nagusiko finalean.

Ostera, taldetasun hori ez da hain erraza egunerokoan. Izan ere, zurekin lan egiten dutenekin edo ondoan bizi dituzunekin edo betiko lagunekin askotan egon zara batera eta gauza asko egin dituzue elkarrekin. Horregatik agian, batzen zaituztenak baino ordu gehiago kentzen dizkizue banatzen zaituztenak. Eta zurekin batera negar egiten duena astuna irudituko zaizu, edo zurekin ados dagoenari ez diozu izpiritu kritikorik igarriko. Litekeena da hori izatea taldean egoteko benetako modua: desberdintasunez kontziente izanda. Hainbestetan esan dugunez, ordea, batzen gaituenean dagoela taldetasuna, hor ari gara talde bila bertsoa maite zein gorroto dugunok. Eskerrak txapelketa nagusia lau urterik behin jokatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.