andoni egana
HITZ ETZANAK

Trenez

2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Asteburuan gerarazi gintuzten etxean, duela ia hiru urteko martxo hartan. Astelehenean, bestelako agindurik ez, eta askok lanera joan behar izan zuen. Ez musuko eta ez deus, trenez hartu zuten lanerako bidea ohi zuten gisan. Gainera, buru distiratsuren bati otu zitzaion, jende gutxiago mugituko zenez, tren zerbitzua murriztea. Ondorioz, lantokira trenez joan behar izan zutenak, pila-pila eginda joan ziren, asteburua derrigor etxean bakartuta eman ondoren.

Langile batek egoeraren logikarik eza azaldu zion bere arduradunari, eta biharamunean ere lantegira azaldu behar zuen galdetu. Baietz erantzun zion honek. Trenetan ze panorama zegoen kontatu zionean, bi hitzetan eman zion epaia nagusiak: «Etorri autoz!». Jefe hark ziurtzat jotzen zuen langileak auto bat izan behar zuela eskueran; eta gidatze baimena; eta bata edo bestea falta bazitzaion, gidari lanak egingo zizkion norbait.

Azkenaldian, lanak direla eta matxurak tarteko, tren zerbitzuek atzerapenak izan dituzte. Aldez aurretik jakinarazi ez, eta iritsi gabe geratu den trenik ere izan da. Eta horrelakoetan, behin-behineko lanpostu bat duen langilearen itolarria izaten dut gogoan. Bizimodua doakio trena iritsi ala ez. Zerbitzu publikoak guztiontzat dira; baina batzuei ezin diete hutsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.