andoni egana
HITZ ETZANAK

Burbuilak

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marina Garces filosofoak esan du: «Berdinen edo antzekoen artean baino ez dugu hitz egiten; burbuiletan bizi gara».

Gizarte honen argazki bat bada hori. Bakoitzak bere egunkaria du, eta nekez aldatuko du bere aukera; bakoitzak bere telebista kateak; bakoitzari sakelakora, zer kontsumitzen duen, huraxe iritsiko zaio maizen. Bakoitzak bere ikastetxea hautatzen du umeentzat, eta haurrak ikastetxetik irtetean, parke berean egiten dute topo haur horien gurasoek; Herriko-rako joera izango dute batzuek, Casa del pueblo-rakoa besteek, eta Batzokirakoa beste batzuek, baina nekez nahasiko dira batzuk eta besteak. Horrelaxe bizi gara eroso, nor bere burbuilan. Konfrontazioak fama txarra du gurean. Baita ideien talkak ere! Indartuak sentitzen gara betikoan, baina burbuilan beratu egiten dira burmuinak.

Burbuiletan bizi gara, baina, paradoxikoki, gure etxebizitzak ez dira burbuila. Etxepe berean egokitu daitezke eskuin muturreko espainiazalea, ezker abertzalekoa, jeltzalea... Elkarbizitzarako gutxieneko batzuk adostu beharra daukate. «Orduan eta okerrago!», esango luke nire lagun etsiak. «Ezagutzen al duk etxepe bakar bat igogailua jarri behar eta istilurik gabe jarri duenik? Ederrak gaudek gu independentziari buruzko adostasunetara iristeko!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.